Marsupilami: Hoobadventure 2021ean Ocellus Studio-k garatutako lana da. Marsupilami izeneko pertsonaia hauek André Franquin belgiarrak sortu zituen fikziozko animaliak dira. Hasiera batean komikietan egin ziren ospetsu, ondoren marrazki bizidun desberdinetan agertu ziren eta hortik beste euskarri batzuetara egin zuten salto, beste batzuen artean, bideojokoetara. Aztergai duguna 2.5 dimentsiotako plataforma jokoa da, jauziek eta hauei egotzitako kontrolek lehentasun handia bereganatuko dute. Gailu mota desberdinetan dago eskuragarri: Playstation 4 eta 5, Xbox One eta Series, Nintendo Switch eta ordenagailuan Windows, Linux eta MacOS.
Aurkezten zaigun istorioa sinplea da, hiru pertsonaia nagusiak Palombia izeneko herrialdean bizi dira, eta aspaldiko tenplu batetik irtendako mamu gaizto batek hasten du dena. Itxuraz eskeleto itxura du eta buruan hiru kristal magiko dauzkan koroa handia. Bere janzkerak Erdialdeko Amerika eta Hego Amerika iparraldeko kulturen antza dauka. Izaki honek, jokaera komikoa erakutsiz, herrialdeko animalia guztiak hipnotizatu eta bere esanetara jarriko ditu, hiru marsupilamiak izan ezik. Hori dela eta, protagonistek aurre egingo diote jokoaren atal bakoitzean kristal magiko bana kentzen saiatuz.
Abentura honetan Punch, Twister eta Hope izeneko marsupilamiak kontrolatu ahal izango ditugu. Jolastuko dugun maila aukeratu baino lehen hautatu dezakegu erabiliko dugun protagonista. Ez dut beraien artean desberdintasunik aurkitu eta seguraski beraien arteko alde bakarra estetikoa da.
Bideojokoa Amerika erdialdeko ingurunean dago kokatuta. Hasiera batean hiru ziren abenturak barne hartzen zituen gune nagusiak: fabelaz betetako herrixkena, oihanekoa eta tenplukoa. Azkenean, garatzaileek eguneraketa baten bidez beste bat gehitu zuten “Mundu Ezkutua” deitu zutena. Gune honetara jatorrizko bigarren mundutik sar daiteke eta testuinguru desberdin batean kokatuta egoteaz gain, arerio berri asko eta aurrera egiteko zenbait mekanika berri sartzen ditu. Ganorazko gehigarria suposatzen du, bere zenbait misio luzeagoak baitira, bildu beharreko objektu gehiagoz hornituta daudelarik.
Marsupilami Hoobadventure 2.5 dimentsioko plataforma bideojokoa da. Ezkerretik eskuinera mugituko gara maila bakoitzaren amaiera topatu arte. Maila arruntetan gure helburua bukaeran aurkituko dugun fruitu handi bat aurkitu eta honi ahalik eta haginkada gehien ematea izango da, epe labur batean botoia ahalik eta gehienetan sakatuz. Horrez gain, bidean zenbait gauza batzen joateko aukera izango dugu: lumak eta tiketak.
Kontrol sinpleak baina ondo neurtuak dauzka, marsupilamiek hainabt mugimendu dauzkate: jauzi egitea, buztanaz uztai zein txorietara heltzea, hormetan oinak jarriz salto egitea, isatsa gurpil bezala erabiltzea beren abiadura edo jauziak handitzeko, buztana borobilean bildu eta ukabil bezala erabiltzea, isatsari zulagailu itxura eman eta azpian daukatena hausteko erabiltzea… Guztiak dira erabiltzen errazak eta ez dute botoi kopuru handia eskatzen. Beharbada, batzuetan pixka bat katramilatsua bilaka daiteke hormetan bulkada hartuz salto egiteko sistema baina oro har kontrol sistema garbia da.
Mailek normalean bost luma izaten dituzte eta arerio nagusiaren aurkakoek hiru. Zenbait luma agerian egoten dira eta erraza izaten da hauek topatzea, kasu hauetan dauden tokira nola heltzea izaten da zailena. Beste batzuk ezkutatuta egoten dira, itxuraz horma bat denaren atzean adibidez. Lumak hartutakoan beraien inguruan borobil berde bat hasiko da betetzen, bizia galdu gabe zirkunferentzia betetzea lortuz gero, luma hori gordeta izango dugu, beranduago bizi bat galtzen badugu ere. Lumak zenbait toki edo maila alternatibo irekitzeko erabiltzen dira, misioak aukeratzeko gunean. Horrez gain jokoaren zenbait estra ere askatzen dituzte.
Misioetan murgilduta gaudela, ezkutatuta egongo diren beste objektu batzuk topatu ahal izango ditugu, atariak edo portaleak. Behin aurkituta nahi beste aldiz saiatu ahal izango gara barruan dagoen maila laburra gainditzen. Hauek beti egoten dira erlojupeko bezala aurkeztuta eta kolpe bakarra jasoz gero ez gainditutzat hartuko da. Maila hauetan uztai batzuk zeharkatzea, objektu jakin batzuk suntsitzea edo bizirautea eskatuko digute. Atariko froga gainditu eta jatorrizko misio arrunta bukatzen badugu, lorpena gordeta geratuko da eta tiket bat jasoko dugu. Jokoaren gune nagusi bakoitzean misio berezi bat egongo da, bere barnera sartzeko orokorrean sei tiket eskatuko dituena. Hauen barruan fruituz beteriko maila bat aurkituko dugu, bizia galtzea ekidituz gero, fruitu piloa batzeko aukera emango diguna.
Azaldu bezala, misio arruntetan gure helburua eskuineren aurkituko dugun amaierako fruitu erraldoia hartzea izango da. Orokorrean geuk ezarritako erritmoa jarraituko dugu, baina beste batzuetan izaki arriskutsuren bat izango dugu atzetik segika, eta orduan erritmo azkar bat izatea beharrezkoa izango da. Marsupilamiek beraien isatsa erabil dezakete tokietara heltzeko eta sarritan helduleku bezala erabil daitezkeen uztai txikiak edo txoriak agertuko zaizkigu.
Gune nagusi bakoitzaren azkenean, tenplutik etorritako eskeleto zaharrari segika joan beharko dugu, zuzenean bere aurka borrokan egin ordez, momiak oztopo ugari jarriko dizkigu eta geuk uztai mugikor batetik bestera jauzi egin beharko dugu. Misioaren bukaeran eskeleto edo momiak ez du nora ihes egin edukiko eta “jipoi barregarri” baten bidez kristal magiko bat kenduko diogu. Beste kasuetan bezala, epe labur batean ahalik eta gehien klikatu beharko dugu botoia kristala lortzeko.
Gainera, misio arruntek jokatzeko modu ezberdinak eskainiko dituzte, normalean aipatutako moduaz gain, honela gainditu ondoren erlojupeko modua askatuko dugu. Eta ez hori bakarrik, garatzeaileek gehituz zuten laugarren munduko misio arruntek hirugarren modu berezi bat askatuko baitute abentura modua bukatu ondoren. Modu berezi hori “Kataklismo” modu bezala ezaugutzen da eta jatorrizko maila zailagoa bihurtuz zerbait berria eskaintzen digu.
Jokoak zenbatze sistema sinplea erabiltzen du. Fruitu ugariena sagar itxurakoa da, bere balioa unitate bakarrekoa da, mahatsek bosna balio dituzte. Ehun biltzen ditugun bakoitzean bizi bat gehiago lortuko dugu. Bizitza bakoitzean hiru kolpe jasan ahal izango ditugu, panatilatik kanpora eroriz gero hirurak galduko ditugu. Jasotako kolpeak banan-bana osa ditzakegu, musua emango diguten txoriak aurkitzu. Lantzean behin urrezko txori bat aurkituko dugu, honek, osatzeaz gain, bizi bat gehiago oparituko digu. Duen sistemaren ondorioz, arruntena bizitza kopuru handia lortzea da eta jokoaren amaierarantz 99ko gehienezko langara heltzea.
Jokoan zehar batutako zenbait objektuk, lumak eta atariek esaterako, 2D eta 3Dko irudiak eta abestiak askatuko dituzte estrak aztertzea baimentzen duen atalean, hau menu nagusia aurki daiteke. Interesgarria izan daiteke jokoaren sortze prozesua apur bat hobeto ulertzeko. Hautatutako irudiak eta musika aproposak direla babes daiteke, kontestuarekin bat datozelako, ez dira nabarmenak baina zuzenak dira.
Jokoak maila bateko indarkeria aurkezten duena arren ez dago odolaren erabilerarik, orokorrean arerioen gainean salto eginez kanporatzen dira etsaiak, isatsarekin ere kolpatu daitezkeen arren. Hauetako batzuek modu komikoan erantzuten diote biolentzia honi, beraz, umeak egoera ulertzeko haina adin izatekotan erabili daitekeen jokoa dugu.
Jokoaren bukaerarantz bizitza kopurua gainezka izan arren, badaude zailtasun maila nahikotxo igotzen duten zenbait misio, hauetako gehienak hautazkoak dira eta ez dago arazo handirik oinarrizko jokoa gainditzeko. Hala ere, jokoaren itxurak eta gaztetxoentzako marrazkiek benetan dena baino zerbait errazagoa irudikatu dezakete. Steameko dendan, bezeroen iruzkinei erreparatuta, marrazki bizidunak aspaldi ikusi eta jokora jolastu ondoren esperotakoa baino hobea izan dela babesten duten pertsona nahikotxo ageri dira. Zenbaitek bozka negatiboa eman dio, itxuraz umeagoentzako zela pentsatu eta joko “zailegia” aurkitu duelako. Hala ere, 100 pertsonak baino gehiagok iruzkinduta % 95 bozka positiboak izan dira, beraz, emaitza onak direla baiezta daiteke, oraingoz behintzat.
Bi dimentsioko plataforma generoa oso oparoa izan da urte askotan bideojokoen munduan, horrek adibide oso on eta txarrak ekarri dizkigu. Hemen aurkezten zaigun Marsupilami: Hoobadventure ale duina da, eskatzen duen preziorako zuku zaporetsua eskaintzen diguna. Bere luzera ez da azpimarratzekoa baina egiten duena ondo egiten du. Ez du gehigarri oso berezi edo nabarmenik baina maila ertaineko jokalariari denborapasa on bat eskainiko dio, zenbait atal eta sekretu zailagorekin.
Iruzkinak