Superheroi ezagunak RPG taktiko batean murgilduko ditu. PC-an eta kontsoletan kaleratuko dute datorren urteko martxoan.

E3 inguruan hasi ziren superheroien XCOM bat ikusteko aukeraren zurrumurruak zabaltzen sarean, eta egia esaten zutela dirudi. Gamescom Opening Night Live aurkezpenaren aterpean iragarri zuten Marvel eta Firaxis elkarlanean sortzen ari diren Marvel’s Midnight Suns bideo-jokoa.

“Marvel unibertsoaren alderdirik ilunenean girotutako RPG taktikoa” izango da, eta 2022ko martxoan PC, PS5, PS4, Xbox Series, Xbox One eta Switch plataformetan kaleratuko dutela baieztatu dute arduradunek.

Iragarpena trailer zinematiko itxuroso batekin egin zuten. Bertan ikusi daitekeenez zineman arrakasta ikaragarria lortu duten Avengers ezagunetako batzuk egongo dira: Iron Man, Captain America eta Doctor Strange ikus daitezke, esate baterako. Halere, MCU-tik kanpo geratu diren Marvelen heroiak ere batuko ditu jokoak. Otsokume, Blade, Ghost Rider eta beste hainbat pertsonaia kontrolatzeko aukera emango du Midnight Sunsek.

Istorio guztiz berria kontatuko du abenturak. Hydra-ko zitalek Lilith deitutako deabrua berpiztu dute, eta hau garaitzeko heroiek Ehiztari izeneko pertsonaia berria bilatuko dute.

XCOM saga aipatuta, Midnight Sunsek honekin antzekotasun handiak edukiko dituela suposatzen da, batez ere azken Chimera Squad oinarritzat hartuta. Halere, garatzaileek ez dute jostagarritasun mekanikak aurkezteko bideo edo irudirik erakutsi. Hori laster konponduko dute, etzi lehen jostagarritasun trailerra argitaratuko dutela agindu baitute.