Bihar abiatuko da heroi tiro joko arrakastatsuaren aro berria. Multijokalari tituluen artean gailentzen ari da.

Marvel eta NetEase etxeek Marvel Rivals multijokalariaren lehen denboraldiaren xehetasunak eskaini dituzte. Lau izugarriak (Fantastic Four) batuko dira heroi tiro jokora, baina ez hori bakarrik: egungo heroi guztientzako oreka aldaketak inplementatuko dituzte.

Gizon harrigarria, emakume ikusezina, giza-suzia eta gauza ailegatuko dira, hortaz, debalde joka daitekeen bideojokora. Reed Richards eta Sue Storm izango dira probatuko ditugun lehenak: bihar bertan hasiko den denboraldiarekin batera azalduko dira bideojokoan.

Mr. Fantastic maitatuak duelista lanak burutuko ditu; hau da, aurkarien artean sarraskiak eragitea izango da bere helburua. Gorputza luzatuz urrunera iristeko gai izango da. Gainera, arerioen erasoak itzultzeko aukera ere edukiko du; mugikortasun bizkorrarekin eta bizitza barra handiarekin batera, ez da batere erraza izango bera garaitzea.

Estratega bezala iritsiko zaigu, bestalde, emakume ikusezina. Sue Storm taldekideak babesteak arduratuko da ezkutuen bidez; halere, etsaiei ere bizitza agortzeko baliabideak edukiko ditu, tiroekin nahiz eremu mingarriekin. Ikusezintasuna izango da, nola ez, bere ardatza: guda zelaitik lasai batean mugitzeko abileziaz gain, taldekideak ere ikusezin bilakatzeko ahalmena dauka Invisible Woman-ek.

Bi heroiak mapa berriarekin datoz: New York hiriaren suntsitutako bertsioa bisitatuko dugu bihartik aurrera. Doctor Strange-n Sanctum Sanctorum etxea zein beste gune ezagunak agertuko dira xehetasunez Drakula banpiroak bereganatutako kokalekuan.

Pertsonaiekin batera itxurak ere helduko zaizkigu. Bi izugarriek euren skin bereziak dituzte, baina Otsokume, Loki edo Iron Man bezalako heroiek ere itxura berriak jasoko dituzte, besteak beste.

Berritasunak nabarmenak dira, baina, agian, are garrantzitsuagoak dira oreka aldaketak. Marvel Rivals modu egokian iritsi zaigula aitortu beharra dago: badago zer edo zer zuzendu, baina beta probaldiekin oreka maila aproposa daukala esan dezakegu, horrenbeste pertsonaiarekin heldu dela kontuan hartuta.

Hala ere, NetEaseko garatzaileek heroi guztientzako zuzenketak eta fintzeak prestatu dituzte. Denetarik dago, baina gehienbat indartzeak ikusiko ditugu: Rocket Raccoon-ek bizitza gehiago berreskuratuko du, Ekaitz are indartsuagoa da, batez ere behin betiko erasoa erabiltzean, baita Thor ere… Aldaketa guztiak jokoaren webgune ofizialean irakur ditzakegu.

Argi dago jokoaren hasi baino ez direla egin. Abenduan hasitako 0 denboraldia zeharo arrakastatsua izan da, 20 milioi jokalariak gaindituz; une honetan, esaterako, Steam plataformako laugarren jokorik jokatuena da —aurretik CS2, Dota 2 edo PUBG nekaezinak ditu—.

Etorkizunerako eduki mordoa prestatzen dabiltzala dakigu, gainera: Human Torch eta Thing heroiez gain, filtrazioetan Ultron, Blade eta beste hainbat pertsonaia datozela ezagutu dugu.

Game Erauntsian argitaratutako analisian “hurrengo hamarkadan behin eta berriz jokatzen ibiliko garen tituluaren aurrean egon gaitezkeela” azaldu genuen:

Marvel Rivalsen lehen orduek multijokalari handienganako maitasuna berpizten lagundu didate. Titulu dibertigarria eratu du NetEasek, nahiz eta askok kopia edo plagio hutsa dela esango duten, Overwatchen oinarriak bereganatuta.

Marvel Rivals doan joka daiteke PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan.