Zerbitzu motako multijokalari handiengandik ihes egin ohi dut. Ez dira nire gustukoak izaten: denbora asko eskatzen dute —mundu irekiko jokalari bakarrarentzako tituluak ere saihesten ditut horregatik—, mikroerosketez josita egoten dira... Nagia baino ez didate ematen.
Hala ere, noizean behin baten batek gatibatzea lortzen nau. Counter-Strike saga da horren adibiderik argiena nire kasuan, eta Team Fortress 2n ere ordu dezente eman ditut.
Halako azkena Overwatch izan da: ordu mordoa eskaini nizkion bere garaian —gutxi, dena den, mundu honetan benetan sartuta dabiltzanentzat—. Blizzard-en heroi tiro jokoa maite nuen. Bere munduak, estetikak eta aurkezpenak asko erakarri ninduten hasiera batetik, eta jokagarritasun aldetik oso dibertigarria iruditzen zitzaidan. Partida lehiakorretan sartzen hasi nintzenean gogaitu, eta alboratuta geratu zen; noizbehinka partidaren bat edo beste jokatzen jarraitzen dut bere ‘jarraipenean’, baina ez da gauza bera.
Lehiakideak
Marvel argitaletxeko superheroien istorioekin daukadan harremana, bestalde, oso tipikoa da: txikitan X taldearen edo Spider-Man araknidoaren abenturen jarraitzaile sutsua nintzen, eta ostean argitaratutako filmeekin ere gozatu dut, bai Sam Raimi zuzendariarenekin, bai MCUkoekin. Hori bai, azkenaldian pixkat nazkatuta nabil. Nahiz eta komikien munduan barneratzen ahalegindu naizen, ez dut sekula santan lortu: oso komikizalea naiz, baina Marvelen —zein DCren— istorioek ez naute harrapatzen.
Marvel Rivals urte hasiera aldera iragarri zutenean, ordea… Jokatzeko desiratzen utzi ninduten. Overwatchen klon zuzena zirudiena aurkeztu zuten Marvelekoek NetEase estudio txinatarrarekin, desberdintasun nagusia hirugarren pertsonako ikuspegia izanik; egileek ez zidaten konfiantza handiegirik eragiten, baina aurkezpena ikaragarri gustatu zitzaidan.
Multibertso zabal honetako heroien zein bilauen bertsio estilizatuak aurkituko ditugu bideojokoan: estetika aldetik ere Overwatchekin antzekotasun handiak dituenez, norabide aproposetik ekin diotela esan dezakegu… baina jokagarritasun oinarriak ere kopiatuta, asmatu dutela dirudi.
Komikietako ohiko premisa aurkezten digute: Dr. Doom maltzurra 2099. urteko bere bertsioaren aurka jarri da, espazio denboran sarraskiak eraginda. Unibertso desberdinetako pertsonaiek bat egingo dute, horiek konpondu nahian.
Premisa ezaguna, Marvelen multibertsoan
Bost kidez osatutako bi talde lehiatzen jartzen ditu bideojokoak. Jokalari bakoitzak pertsonaien zerrenda zabaletik hautatu beharko du berea: 33 superheroi eta superbilau ditugu aukeratzeko bideojokoaren estreinaldian, baina laster are gehiago gaineratuko dituzte.
Superheroiak eta superbilauak hiru kategoria nagusitan banatuta daude: abangoardak edo tankeak (vanguard), duelistak edo erasotzaileak (duelist) eta estrategak (strategist). Jartzen diguten muga bakarra taldeetan heroiak errepikatzea da; bestela, edozein kategoriako ordezkariak aukera daitezke edozein unetan.
Overwatch, League of Legends edo Valorant bezalako jokoetan ikusi bezala, eraso arruntak zein hozte epea daukaten abilezia berezi ugari dituzte protagonistek. Batzuk aktiboak izango dira, tekla edo botoi zehatzetara lotuta, baina hainbat ahalmen pasibo ere ikusiko ditugu. Bukatzeko, eraso hilgarri edo ultimate erabilgarria daukate: unerik aproposenetan bakarrik erabiltzeko gaitasun gakoa.
Hasteko, tankeen eginbeharra aski ezaguna da: taldeko sendoenak dira, eta gainerako kideak babesteaz arduratuko dira, orokorrean, erasoen gehiengoa jasanda. Bizitza barra erraldoiekin zein norbere burua sendatzeko ahalmenekin, tanke eraginkor baten presentzia benetan eskertzekoa da.
Thor, Captain America, Groot eta Venom ikusiko ditugu, besteak beste, tankeen artean, baina Hulk da, ziurrenik, ezagunena: zaplasteko birrintzaileak banatzeaz gain, taldekideak gamma ezkutuekin babesteko abilezia dauka. Kolpe ugari jasotzeko gaitasunari lotutako ahalmen interesgarria dauka: bizitza hutsera iristerakoan Bruce Banner zientzialarian bilakatuko da, indar guztia galduz. Gamma pistolarekin eta granadekin babestu beharko dugu gure burua ultimate abilezia kargatu, eta berriz Hulken bilakatzeko… baina ez hori bakarrik, Hulkek ere berezko ultimatea daukagu: munstro boteretsuan nahiz geldiezinean bihurtzeko ahalmena. Nolabait, Overwatcheko D.Va-ren antzeko ezaugarriak.
Adibide xume honekin, argi dago protagonista bakoitzak aukera anitzak eta ikaragarrizko moldakortasuna eskaintzen dituela. Ondo ikasi beharko ditugu kontrolatuko ditugun heroien indarguneak eta ahulguneak, zer egin dezaketen, eta noren aurka —edo zeini laguntzen— jarri behar ditugun.
Jarraituz, erasotzaileak kontrako taldearen artean sarraskiak eragiteaz arduratzen diren heroiak ditugu; alegia, DPS bezala ezagutzen direnak. Spider-Man, Otsokume, Hela, Black Panther, Scarlet Witch, Ekaitz edo Star-Lord daude hauen artean.
Superheroiak eta superbilauak hiru kategoria nagusitan banatuta daude.
Iron Man-ekin eman ditudanez ordu gehienak, bera jarriko dut adibidetzat: Tony Stark-ekin hegan ibiliko gara uneoro, guda zelaiaren ikuspegi argia lortuta. Armategi zabala dauka burdinezko gizonak: pultsu tiroak, laser izpia zein misilak jaurti ditzake, baita ziztu bizian hegan egin ere. Segundo gutxi batzuetarako bere arma guztien indarra areagotzeko abilezia dauka, gainera. Ultimate erasoarekin, amaitzeko, pultsu kanoi hilgarria erabiltzen du: gune zabal bateko arerio guztiak akatzeko gai den tiroa.
Azkenik, estrategak taldeari laguntza eskaintzeko pertsonaiarik egokienak dira. Guardians of the Galaxy taldeko Rocket Raccoon, Mantis edo Adam Warlock aurkituko ditugu bertan, baita mundu guztiak maite duen Jeff marrazozakurra ere.
Lokiren kasua aurkeztuko dut hemen, abilezia benetan interesgarriak baititu. Makilaren izpiekin arerioak mintzeko zein adiskideak sendatzeko gai da; gainera, lurrean kokatzen duen erruna berezi batekin gune mugatuan taldekideak sendatzen aritzeko aukera dauka, jasotzen duten mina bizi puntuetan bilakatuz. Lokiren doppelganger-ekin jokatzea da dibertigarriena: bi klon sor ditzake arerioak nahasteko, hauen artean lekualdatzeko aukerarekin. Eraso boteretsuenarekin, taldekide edo arerio baten itxura har dezake aldi baterako, euren mugimendu guztiak kopiatuz, eta Ultimate erasoa guztiz kargatuta edukita hasiera batetik.
Heroi bakoitzaren abilezia kopurua esanguratsua da, eta, ez bagaude halako jokoetara ohituta, horiek modu eta toki egokian erabiltzen ikasteko denbora beharko dugu. Laburbilduz, lehen orduak oso kaotikoak izan daitezke hasiberrientzat, baina horrek ez du esan nahi gaizki pasatzen ibiliko garenik. Marvel Rivalsen lehen aste hau oso dibertigarria iruditu zait, eta jokoak ikasten aritzeko hainbat tresna desberdin eskaintzen dizkigu: tutorial arruntaz gain, bot-en aurka jokatzeko partidak joka ditzakegu benetako taldekideekin.
Kasualentzako zein lehiakorrentzako eskaintza
Azkenean, garrantzitsuena pertsonaia bakoitzari denbora eskaintzea da; bederen, bere mugimendu zerrenda eta kontrolen eskema ikasteko bada ere. Agintearekin zein teklatuarekin jokatzen ibili naiz: argi dagoenez, saguak askoz zehaztazun handiagoa eskainiko digu, ezinbestekoa Hawkeye bezalako heroiekin. Dena den, Iron Man, Otsokume, Hulk edo Venom agintearekin gehiago goza daitezke, adibidez. Plataforma arteko jokoa daukala ospatzekoa da: PCko, PlayStation 5eko zein Xbox Series-etako lagunek elkarrekin joka dezakete.
Esandakoei Marvel Rivalsen soilik ikusi dudan mekanika bat gehitu behar zaio: taldekako abileziak. Heroi eta bilau zehatzen konbinazioekin ahalmen bereziak eskura ditzakegu. Hulk eta Iron Man elkartuta, esaterako, Tony Starken armaduraren erasoak are boteretsuagoak izango dira gamma erradiazioari esker. Venom-ek, bestalde, Spider-Mani zein Penny Parker-i bere sinbiontearen zatitxo bat emango dio, eraso berri bat eskainita.
Denboraldikako estatistika hobekuntzak ere egon badaude; nola funtzionatzen duten ikusi beharko da, baina, adibidez, Venomek behar lukeena baino bizitza gehiago dauka lehen partida hauetan.
Pertsonaien arteko oreka ezinbestean aipatu beharra dago, hortaz. Ohi bezala, heroi batzuk besteak baino eraginkorragoak edo indartsuagoak direla irudituko zaigu… baina, tira, gure esku dago bakoitzaren indarguneak aprobetxatzea, baita aurkarien ahulguneak ere. Iron Fist-ek eragin ditzakeen sarraskiak beldurgarriak dira, halere, eta Hawkeye nahiz Scarlet Witch trebeak ere sekulakoak izan daitezke, gure taldekideak badira, behintzat.
Taldekako jokoaren aurrean gaude, eta azkenean horrek baldintzatuko du gure arrakasta. Nola ez, estrategia eta sendalari gutxi ikusiko ditugu partidetan… baina, momentuz, ez dira guztiz beharrezkoak: hauek gabe ere hainbat partidetan txapeldun izatea lortu dugu. Jokoaren meta ezartzen doala, eta abilezia maila, igotzen, ziurrenik talde orekatuak sortzearen garrantziak gora egingo du.
Mapak anitzak dira, bai girotze, bai helburu aldetik. Espazioko Wakanda, Asgard, etorkizuneko Tokio, Hydra-ren basea… toki askotatik ibiliko gara. Mapa bakoitzak bere helburuak ditu: jabetza, eskolta edo biak batzen dituen konbergentzia desafioak proposatuko dituzte. Misioak hasterakoan zein bukatzerakoan zinematikatxo motza azalduko zaigu, uneko helburuaren testuingurua eskaintzeko: gure heroiek horien inguruan hitz egingo dute, baita.
Suntsipen eta estrategia puntu bat dago mapetan; izan ere, zenbait objektu, horma edo zubi apurtu ditzakegu gure erasoekin. Mapak ondo ezagututa, gure alde egin dezakeen ezaugarria da.
Eduki mordoa, dohainik
Ordu luze batzuk eskainita, jokoa ulertzen hasi, eta partida lehiakorretan barneratzen has gaitezke. Gure abileziaren arabera trebezia maila bat egokituko digute —hasierako partida batzuen ostean—; horrela, oreka mantentzea bilatzen da. Duelu luzeagoak izan ohi dira: erasotzen eta defendatzen ariko gara norgehiagoka hauetako modalitate batzuetan, beste taldeak egindako marka hobetu nahian.
Une honetan partidak aurkitzea berehalakoa da. Modalitate kasualean zein lehiakorrean, “partida bilatu” botoia sakatu eta bost segundotara bideratuko gaituzte batera. Hamar milioi jokalarien langa gaindituta, ez da harritzekoa, eta ziurrenik egoera hori mantentzea lortuko dute datorren asteotan. Ez dut konexio arazorik ikusi: jokatutako minutu guztietan itzel funtzionatu dit guztiak. Ez da gutxi, estreinaldian zerbitzariekin edukiko zuten festa kontuan hartuta.
Eta… zer gertatzen da mikroerosketekin? Gorrotagarriak al dira? Jokoak harrapatzen banau, zulo batean sartzen ote nabil? Halakoak espero nituen Marvelen eta NetEasen joko batekin… baina ez, egia esan, portatu dira. 33 heroiak doan eta desblokeatuta jasoko ditugu hasiera batetik; gauza bera, mapekin.
Mapak anitzak dira, bai girotze, bai helburu aldetik. Espazioko Wakanda, Asgard, etorkizuneko Tokio, Hydra-ren basea… toki askotatik ibiliko gara.
Etorkizunean gehituko dituzten pertsonaiak eta tokiak ere dohainik kaleratuko dituztela aurreratu dute egileek, gainera. Horren harira, hainbat filtrazio ikusi ditugu sarean: Mr. Fantastic, Human Torch, The Thing, Blade, Ultron, edo, nola ez, oraingoz bilau nagusia den Dr. Doom gehituko dituzte jokora.
Itxura bereziengatik, emojiengatik eta bestelako eduki kosmetikoengatik ordaintzea tokatuko zaigu, hori bai. Ez dago batere gaizki, jokoaren lanketa eta sakontasuna ikusita. Jokoak baditu desblokeatzeko hainbat edukitxo; tamalez, prozesua oso geldoa da, eta ez gara eskaintzen dizkigutenak lortzeko desiratzen egongo.
Atal grafikoa gozatzekoa iruditu zait. Modelo guztiek sekulako maila erakusten dute, baita euren animazioek ere. Pertsonaiak bistaratzeko eta aztertzeko menuak zur eta lur utzi nau kalitate mailagatik. Itxura asko pixkat itsusiak direla esan beharra dago, baina orokorrean maite dut arte aldetik egindako lana: diseinuak itzelak dira. Partidetan interfaze sinplea eta argia edukiko dugu —pertsonaiaren arabera ikur gehiago edo gutxiago agertuko zaizkigu, noski—.
Menuak eta interfazea eskastxoak iruditu zaizkit, batez ere agintearekin jokatzen dutenentzat, baina aurkezpena ia-ia hamarrekoa da.
NetEasek sortu duen oinarria zaintzen eta txukuntzen badu, denboraldi bakoitzarekin doako eduki interesgarriak gehituta, hurrengo hamarkadan behin eta berriz jokatzen ibiliko garen tituluaren aurrean egon gaitezke. Diru gosea ez bada gailentzen, behintzat. Momentuz, gozatzeko aprobetxatuko dugu, doako zerbitzu jokoen arteko errege berria iritsi baita: proposamenak erakartzen bazaitu, ez izan zalantzarik, eta anima zaitez probatzera.
Marvel Rivalsen lehen orduek multijokalari handienganako maitasuna berpizten lagundu didate. Titulu dibertigarria eratu du NetEasek, nahiz eta askok kopia edo plagio hutsa dela esango duten, Overwatchen oinarriak bereganatuta. Hasiberriek pixkat sufrituko dute hasieran, baina jokoaren laguntzarekin azkar batean ulertuko ditugu bere mekanikak: hortik aurrera, gure esku dago iaiotasuna fintzea eta heroi bakoitzak egin dezakeena ezagutzea.
Iruzkinak