Square Enixek beta itxia jarriko du martxan abuztuaren 7an, baina egun batzuk pasa ondoren beta irekia izango du PC, PS4 eta Xbox Onean.

Crystal Dynamics garatzaileak eta Square Enixek Marvelen superheroien bideojokoari buruzko berritasunak eskaini dituzte. Abuztuan mundu guztiak jokatzeko beta irekia abian jarriko dutela zehaztu dute arduradunek.

Abuztuaren 7tik hasita Marvel’s Avengersen beta itxia jarriko da martxan; PS4ko bertsioa erreserbatu dutenentzat izango da. Astebete pasa ondoren Sonyren kontsolako jokalari guztiek jaitsi ahalko dute beta berbera; abuztuaren 21etik aurrera PC eta Xbox Oneko jokalariak ere frogara aritu ahalko dira.

Betari buruz hitz egiteko bigarren War Table aurkezpena egingo dute bideojokoaren arduradunek: uztailaren 29an izango da, 19:00etatik aurrera. Ekain bukaeran mendekatzaileen jokoaren ezaugarriak aurkeztu zituzten lehen War Tablearen bidez, hain zuzen ere.

Irailaren 4an estreinatuko da Marvel’s Avengers PC, PS4 eta Xbox Onean. Horiez gain, belaunaldi berrira ere helduko da bideojokoa: gaur egungo kontsoletan erosten dutenek doako bertsioa jasoko dute PS5 eta Xbox Series Xrako.