X taldearen pertsonaiak eta arerioak elkartuko ditu. Irailaren 15ean estreinatuko da PlayStation 5ean.

PlayStationek eta Insomniac Games estudioak Marvel’s Wolverine berriz erakutsi dute State of Play emanaldian. Trailer zinematikoak alboratuta, jokagarritasun bideoa eskaini dute oraingoan.

Hirugarren pertsonako ikuspegian jokatzen akziozko bideojoko ikusgarria izango dugu Otsokumerena. Adamantium-ezko atzaparkada indartsuak, jauziak, isil gordeka aritzeko atalak eta eszena ikaragarriak bilduko ditu Marvel komikien unibertsoan.

Isilpean hasten da bideoa; jantzi koloretsuarekin ibili arren, Otsokume bizkorra eta hilgarria izango da, zaindariak harrapatuz eta exekuzio odoltsuen artean akabatuz. Laster batean hasiko dira kolpeak, ordea: Wolverine azkarra izango da, eraso, kontraeraso eta hilketa bakoitzarekin amorru barra betetzen joanik. Horri esker bere sendakuntza mutazioa aktibatuko du, bizitza berreskuratuz, eta atzaparkada are hilgarriagoak banatuz.

Une batean, Uncharted 4 gogora ekar dezakeen eszena bizi da trailerrean. Otsokume etsaien ibilgailu artean jauzika eta erasoka ibiliko da, kamioiak eta bestelakoak suntsitu ahala bere helmugaraino iritsiz: kartzelaratutako mutanteen bila ariko da.

Nola ez, tartean X taldearen komikietako aurpegi ezagunak ikusiko dituzte jokalariek. Jean Grey ikusi dugu, adibidez, baina Sabretooth, Mystique eta beste hainbat ageriko dira abenturan zehar.

Irailaren 15ean argitaratuko dute Marvel’s Wolverine, esklusiboki PlayStation 5 kontsolan. Datozen hilabeteotan berri eta xehetasun gehiago eskainiko dituztela agindu dute Insomniac Gamestik.