Mass Effect Legendary Edition PC eta kontsoletan estreinatuko da datorren udaberrian.

Azaroaren zazpia Mass Effecten zaleentzako egun berezia izan zen, N7-a ezagutzen baita rol sagaren jarraitzaileen artean. Data horretarako Biowarekoek ekimenen bat edo beste prestaturik zutela jakinarazi zuten, eta azkenean sagako lehen hiru jokoak biltzen dituen bilduma iragarri zuten: Mass Effect Legendary Edition.

Mass Effect, Mass Effect 2 eta Mass Effect 3 birmasterizatuko dituzte bilduma horretarako. Casey Hudson MEren sortzaileak adierazi duenez “hiru joko erraldoietako testurak, shaderrak, modeloak, efektuak eta ezaugarri teknikoak eraberritzeko lanean” ari dira. Hori horrela, 4K-ko bereizmenera jokatuko dira.

Garatzaileen helburua ez da izan remake bat prestatzea, “zale zein jokalari berriek jatorrizko lanak ahalik eta modu aproposenagoan gozatu ahal izateko esperientzia modernizatzea” baino. PC, PS5, PS4, Xbox Series eta Xbox Onerako estreinatuko da, eta kontsola berrietarako zehazki prestatutako hobekuntzak edukiko ditu bildumak. Gainera, bideojoko originaletarako argitaratutako eduki gehigarri guztiak bertan egongo direla nabarmendu dute arduradunek.

Mass Effect Legendary Edition 2021eko udaberrian kaleratzea aurreikusten du Biowarek.

Mass Effecten etorkizuna

Bilduma prestatzen ari direla iragarteaz gain Mass Effecten unibertsoan oinarritutako lan berri batean lan egiten ari direla jakitera eman dute Biowarekoek.

Mass Effect berria eskamentu handiko garatzaileen talde baten eskuetan dagoela azaldu du Hudsonek. “Oraindik proiektuaren lehen faseetan gaude, beraz ezin dut askoz gehiago esan. Hala ere egiten ari garena partekatzeko gogo handiak ditugu”.