Ezkutaketa bideojokoa bi lagunen artean sortutakoa da. Lemorion arduradunak eduki eta mapa berriak gehitu ditu.

Indie fenomeno berria Meccha Chameleon da. Bideojoko txikiak aurreikuspen guztiak gainditzea lortu du: Lemorion garatzaile japoniarrak zazpi milioi salmentak gainditu dituztela jakinarazi du tituluaren Steam orrialdean.

Bi garatzailek eratutako titulua da: Lemorion arduratu da, nagusiki, Meccha Chameleon sortzeaz, Haganeiro-ren laguntzarekin. Ekainaren 10ean estreinatu zuten ordenagailuetan, salmenten arrakasta are nabarmenagoa izatea lortuta.

Ezkutaketan aritzea proposatzen digu bideojokoak; egia esan, prop hunt edo baliabideen harrapaketa erako jokoa da, Garry’s Mod-en modalitate ezagunaren antzekoa. Berezitasun bat dauka: izenak adierazi bezala, kameleoien antzera ibiliko dira ezkutatzen dabiltzanak, koloreekin gorputza margotuz.

Sukaldeetako, bulegoetako, museoetako edo etxebizitzetako txoko desberdinetan kokatzea —paretak eta sabaiak barne—, nahi bezalako jarrera hartzea, eta, ondoren, gure pertsonaia txuria mihise bilakatuta, paint erako tresna sinplearekin margotzen hasiko gara ingurunearekin kamuflatzea lortzeko. Hori, talde baten kasuan: bestea, eskopeta eskuan hartuta, aurkariak bilatzen eta tirokatzen ariko da.

Hamar bat jokalarirentzako partidak gomendatzen dira, maparen arabera. Horri lotuta, estreinatu zenetik jokoa atsedenik hartu gabe elikatzen ari da Lemorion: atzo bertan Osaka mapa gaineratu zuen, ezaugarri txiki berriekin batera. Azken egunotan hainbat adabaki kaleratu ditu, gainera.

Joko txiki bezain xarmagarria, hortaz, lagunekin zein ezezagunekin gozatzeko. Tekla asmatzea lortu du Lemorionek, eduki sortzaileen zein erabiltzaileen begiradak erakarrita, ez bakarrik proposamenarekin, prezio aldetik ere asmatu baitu: 6,15 eurotan saltzen da Meccha Chameleon Steam plataforman.