Fall Guys: Ultimate Knockout arrakastatsuaren estudioa 150 langile edukitzera iritsi da azken hilabeteetan.

Epic Games-ek estudio arrakastatsu gehigagoren bila jarraitzen du. Tim Sweeneyren enpresak Mediatonic garatzailearekin batera zabaldutako prentsa ohar bateratuan irakurri daitekeenez, Epic Games Fall Guys: Ultimate Knockouten arduradunen jabea izatera pasa da.

Joan den urteko abuztuan Fall Guys kaleratu zutenetik 35 langile izatetik 150 baino gehiago edukitzera iritsi direla adierazi dute Mediatonicekoek. Epic Gamesekin elkartzeak party game arrakastatsua hobetzen joateko planak bizkortuko dituela diote garatzaileek. Hala ere, plataformetan aldaketarik egongo ez dela ziurtatu nahi izan dute, ezta jostagarritasunean ere.

“Fall Guys: Ultimate Knockout Steam eta PlayStationen erosten jarraitu daiteke. Jokoa plataforma hauetan erosi baduzu, bertatik jokatzen eta eguneraketak jasotzen jarraituko duzu. Etorkizunean Fall Guys Switch eta Xbox plataformetan argitaratzeko lanean ari gara une honetan”.

Adierazpen hauek Epic Gamesek 2019ko maiatzean Psyonix erosi ostean jazotako aldaketen ondorioz datorrela esan daiteke. Rocket League Steametik kendu zuten garatzaileek, Epic Gamesen free to play bezala eskuragarri jartzeko. Mediatonic, momentuz, isilik geratu da Fall Guys doako jokoa bihurtzearen inguruan.

Dave Bailey Mediatonicen sortzailearen esanetan, “Epicekin guretzako eraikitako etxea aurkitu dugula sentitzen dugu”. Sweeneyren enpresak “inpaktu positiboa daukaten jokoak sortu eta horiei laguntza eskaintzeko helburua duela” dio Baileyk. “Ezin gara pozago izan beraiekin indarrak batzeagatik”.