Mega Man zein Proto Man gidatuko ditugu 2.5D mailetan zehar. Egungo kontsoletan eta PCan jokatu ahalko da.
Capcom-ek Mega Man: Dual Overriden lehen jokagarritasun bideoa erakutsi du Gamescomean. 2027an argitaratuko da plataforma abentura berria.
2.5D jokagarritasuna nagusituko da; hau da, Mega Man klasikoen mekanikak eta ideia berreskuratuko ditu Dual Overridek, atal grafiko eraberritua prestatuta. Ez da berritasun bakarra izango, ordea.
Mega Man heroiarekin batera, Proto Man mitikoa ere itzuliko da. Biek abilezia berriak erakutsiko dituzte: esaterako, Mega Manek override ezaugarria erabil dezake aldi baterako indarra areagotzeko. Egileek azaltzen dutenez, boterea noiz aktibatu jakitea gakoa izango da, agortu ondoren indargabetuta utziko baikaitu.
Txip sistema ere aurkeztu dute. Heroiak pertsonalizatzeko aukera eskainiko digute, tiro bizkorrak, babes burbuilak eta bestelako abileziak bideratuta. Konbinazio desberdinekin askatasuna eskaini nahi diete jokalariei, ideia interesgarriak aginduta.
Noski, aipatutakoei maila bakoitzaren bukaeran aurkituko ditugun Robot Master buruzagien abileziak gehitu behar zaizkie: itxurak eta tiro motak eskainiko dituzte, beti bezala. Gure esku egongo da abentura gainditzeko mailen ordena egokiena bilatzea, abileziok beste erronka batzuk erraztuko baitituzte.
Etsai nagusiei dagokienez, Twinkle Girl ezagutu dugu: zaleen artean abiatutako proposamenaren diseinu irabazlea, alegia. Guztira, zortzi buruzagi berri egongo direla adierazi dute prentsa oharrean, baina ezusteko gehiago egon daitezke: Astro Man ageri da bideoan, Mega Man 8ko Robot Masterretako bat.
PlayStation 5, PlayStation 4, Switch 2, Switch, Xbox Series eta Xbox One kontsoletan nahiz PCan estreinatuko da Mega Man: Dual Override. Capcomek datorren urtean argitaratu gura du, baina ez da datarik zehaztu.
Lander Unzueta
Iruzkinak