Azaro aurretik argitaratuko dute bertsio berria. Bosgarren urteurrena ospatu du zaleek garatutako bideojokoak.

Capcom-ekoek Mega Man alboratuta dute: birmasterizazio batzuk kenduta, ez dugu aspaldi enpresa japoniarraren maskota izan zenaren joko berririk jaso. Hori zuzentzeko asmoarekin abiarazi zuten zaleek Mega Man Maker: joko klasikoen ezaugarriak bilduta eratutako proiektua da. 1.8 adabakiak ekarriko dituen berritasunak ezagutzera eman dituzte orain.

Urtebetez aritu dira lanean Wrecking Programs-eko arduradunak. Eduki aldetik hainbat ezaugarri gaineratuko dizkio jokoari: Snoler arerio berria ikusiko dugu, Cold Man etsai nagusiaren aurka aritu ahalko gara, eta Bell Ringer-ek mailak dinamizatu egingo ditu.

Berritasunok eskertzekoak badira ere, egia da eduki kopuru urria ekarriko duela adabakiak, batez ere bertsio zaharrekin alderatzen badugu. Zorionez, beste alor batzuetan fokuratu direlako dela dakigu; egia esan, optimizazio lanak egiten ibili dira Mega Man Makerren sortzaileak. Mailak sortzerakoan zein kargatzerakoan askoz azkarrago burutuko du prozesua bideojokoak: argitaratutako bideoan ikus daitekeenez, sekulako aldea dago aurreko bertsioetara itzuliz gero.

Ez hori bakarrik: tamaina handiko mailek dituzten lag arazoak zuzentzeari ekin diote. Modu horretara, pantaila batetik bestera igarotzerakoan ez dugu geldotzerik nabariko. Trailerrean erakutsitakoa benetan harrigarria eta eskertzekoa da.

Aipatutako guztiak biltzen dituen 1.8 eguneraketa jasotzeko itxaron egin beharko dugu, ordea: udazkenerako prest edukiko dutela agindu dute garatzaileek. Zehazki, “azaro aurretik” argitaratu nahi dute.

Bertsio berriaren aurkezpena egun zehatz batean egitea erabaki dute; izan ere, Mega Man Makerrek bost urte bete zituen joan den ostiralean. Kasualitatez, egun berean argitaratu genuen Bideojokozaleak, bideojokoak sortzen (II): komunitatea saga ezagunak hobetzen erreportajean hitz egin genuen proiektuari buruz.

Ezagutzen ez baduzue, Mega Man Makerrek Capcomeko heroiaren bideojoko klasikoetako elementuak hartu eta hauek sortzeko editore sakona eskaintzen du. Are gehiago: hauek komunitatearekin partekatzeko aukera dakar proiektuak. Modu erosoan eta aukera sorta zabala eskainita, Mega Manen zaleentzako joko aproposa da, zaleen eskutik.

Mega Man Makerren jokatzeko, proiektuaren webgune ofizialetik jaitsi dezakezu: bideojokalariek egindako lana izanik, guztiz doakoa da. Esan bezala, 1.8 bertsioa azaro aurretik jasoko dugu.