Mega Man Maker 1.6 bertsioak zortzi sortzailerekin elkarlanean mapak sortzeko aukera dakar

Lander Unzueta | 2020/03/07 17:19 Berriak



Zaleek sortutako jokoaren azken bertsioak arma, etsai eta abesti berriak ere gehitu ditu.

Mega Man Maker proiektua aurrera eramaten duen Wrecking Programs sortzaile taldeak eguneratze berria argitaratu dute. 1.6 bertsioak hainbat eduki berri eta aldaketa dakartza Capcomen pertsonaia ospetsuaren zaleek sortutako jokoarentzat.

Azken bertsioak gehitu duen edukirik nabarmenena beste sortzaile batzuekin batera elkarlanean mapak sortzeko aukera da. Gehienez zortzi jokalari aritu ahal dira lanean une berean.

Elkarlanean sortzen aritzeko gela horiek zerbitzari publiko zein pribatuetan egin daitezke. MMMeko arduradunek zehazten dutenez, gelak pasahitz baten bitartez itxi daitezke, eta administratzaileak beste sortzaileek egin dezaketena mugatu ahal dezake. Gela bakoitzak bere txat propioa izango du, eta sortzaileek edozein unetan frogatu ahalko dute sortutako mapa.

Gehigarri eta aldaketa mordoa

1.6 bertsioak are eduki gehiago gehitu ditu, baina. Hasteko, 4 final boss berri ditu MMMek: Sheep Man, Pump Man, Blast Man eta Bounce Man dira. Horiekin batera Merserker, Searchy edota Crunch Don bezalako etsai orokorrak gehitu dituzte, besteak beste.

Mega Man 10 eta 11ko hamar arma izango ditu Makerrek, gainera; Thunder Wool, Commando Bomb, Water Shield, Wheel Cutter, Mirror Buster, Screw Crusher, Ballade Cracker, Bounce Ball, Pile Driver eta Scramble Thunder dira arma berriak.

Aipatutako aukera eta edukiekin batera jokatzeko elementu, atzealde eta abesti berriak gehitu dituzte arduradunek. Akatsak zuzentzeko eta aldaketa txikiak gaineratzeko ere aprobetxatu dutela iragarri dute. Aldaketen zerrenda osoa Mega Man Makerren foroan argitaratu dute.

Hiru urteko lana

Proiektuaren arduradunak urte luzeak daramatzate Mega Man Maker hobetzeko eta handitzeko lanean. 2017. urtean argitaratu zuten lehen bertsioa, eta ordutik hona gelditu barik joan dira edukiak gaineratzen.

Nintendoren Super Mario Maker jokoak egindakoa oinarritzat hartuta sortu zuten MMM. Mapak sortu eta editatzeko tresnekin batera komunitate erraldoia sortu dute sarean; sortzaileek beraien mapak partekatzeko aukera dute jokoaren barnetik, Marioren bideojokoan gertatzen den modura.

Mapa horiek aukera desberdinen arabera filtratu daitezke, eta sortzaileek kodeen bitartez ere partekatu ditzakete. Gainera, Wily Challenge izeneko joko motak guk erabakitzen dugun zailtasun eta luzerako mapak eskaintzen ditu, 10 Mario Challengen antzeran.

Horri dagoeneko inplementatutako ehundaka aukera eta elementuak gehitu behar zaizkio: pertsonaia desberdinak, Mega Manen joko klasiko desberdinetako arau sortak, armak, etsaiak… Sortzaileek egindako mapen artean puzle mapak edota boss rushak aurkitu daitezke.

Interesatuta baldin bazaude, Mega Man Maker doan jaitsi daiteke PCrako arduradunek sortutako webgunetik. Dagoeneko MMMra jokatzen baldin baduzu, bertsio berria bideojokotik jaitsi dezakezu.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

174
Kide

6
Jolasten

65
Online

Azken erantzunak

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…