570 eurotan merkaturatuko dira, eta irailean xehetasun gehiago eskainiko dituzte. Quest 2-en prezioak beherapena jasoko du.

Errealitate birtualaren munduan gaur egungo lehiakiderik indartsuenetakoak dira, zalantzarik gabe, Meta Quest gailuak. Meta Gaming Showcase aurkezpenean VR betaurrekoen etorkizuneko modeloa aurkeztu zuten: Quest 3ak udazkenean kaleratuko dira, eta hainbat bideojokorekin batera jasoko ditugu.

Kaleratze data guztiz zehaztu gabe utzi duten arren, iragarpenarekin batera prezioa ezagutzeko aukera eduki dugu. 128 GB-eko oinarrizko modeloa 570 eurotan merkaturatuko dute —ez dute edizio aurreratuagoak ekarriko dituenak zehaztu, baina memorian geratuko direla suposatzekoa da—.

Nola ez, bere aurrekariaren zehaztapenetan hobekuntza nabarmenak ikusiko ditugu. Bereizmen handiko pantailak, lau megapixeldun RGB kamera bikoitzak, sakonera sentsorea eta eraberritutako aginteak ekarriko dituzte Metaren hirugarren betaurrekoek. Betaurrekoak, gainera, askoz txikiagoak izango dira: tamaina osoa % 40 murriztea lortu dute.

Errendimendu aldetik, Quest 2an ikusitakoa bikoiztu egingo dela agindu dute arduradunek: horrekin segundoko irudien tasa areagotzea zein bereizmena handitzea bilatzen dute, titulu berrietan zein zaharretan jokatzea gozagarriagoa izateko.

Izan ere, Quest 2aren bideojokoen katalogo osoak funtzionatuko du Quest 3an; hau da, 500 bat obratan jokatzeko aukera izango dugu hasieratik. Ez hori bakarrik, obra berriak ere prestatzen dabiltza beste garatzaile batzuekin elkarlanean. Hauek izan dira aurkezpenean erakutsitako jokoak:

Tituluetako batzuk ezagutzen genituen —hor da, adibidez, PlayStation Showcase-an ikusitako Arizona Sunshine 2—, baina berritasun interesgarriak daude Metakoen zerrendan. Nabarmentzekoak dira, esaterako, Stranger Things, Attack on Titan edo Vampire the Masquerade frankizietako VR joko berriak. Bullestorm tiro joko zoroa ere errealitate birtualera igaroko da Quest 3arekin.

Meta Questak VR gailu independenteak dira; hori horrela, ez dugu zertan bestelako gailurik behar —PC-a, adibidez— hauek erabiltzeko. Berezko memorian jokoak instalatu, eta inora konektatu gabe funtzionarazteko gai dira. Hala eta guztiz, nahi izanez gero ordenagailura lotu eta ohiko errealitate birtualeko betaurreko gisa erabiltzeko aukera ere egon badago. Modu horretara, indar gehiago eskatzen duten VR tituluak jokatzea ahalbidetzen dute.

Udazkenean merkaturatu aurretik informazio gehiago eskaintzeko tartea egongo dela zehaztu dute Metakoek: irailaren 27an egingo duten Meta Connect ekimenean, hain zuzen ere.