Askotariko proiektu bereziak prestatzen dabiltzala dio SNK taldeak, “bideojokoen abentura berriak barne”.
Marco eta Tarma soldaduek 30 urte bete dituzte. Arkade aretoetako izarrak ziren Metal Slug jokoen hiru hamarkadak ospatzeari ekin dio SNK japoniarrak: ezagutzera eman duten webgune berezian “misioaren berrabiatzea” aipatzen da.
“Mission reboot! Metal Slugen akzioaren 30 urteak ospatzeko, saga askotariko proiektu zirraragarriekin berpizten eta berrabiatzen gabiltza —bideojokoen abentura berriak barne!”, diote arduradunek. Hori horrela, joko berriak edo berriabiatzeak zein bestelako edukiak espero dira, ikus-entzunezkoak, adibidez.
1996. urtean estreinatu zen lehen Metal Slug, arkade makinetan jokatzen zutenen begirada guztiak urte luzez harrapatzea lortuta. Pixel art estetika landu bezain xarmagarriarekin zein lasterka eta tiroka (run and gun) egiteko mekanika frenetikoekin une gogoangarriak eratzea lortu zuten joko originalean zein ostean argitaratutako jarraipenetan. Arma mordoa, ibilgailu desberdinak eta garaitu beharreko buruzagi erraldoiak dira Metal Slugen ardatzak.
Egun, denetariko gailuetarako port-en bidez joka daiteke Metal Slugen atal desberdinetan: jabeek bakarkako bertsio zein bilduma ugari kaleratu dituzte kontsoletan, ordenagailuetan edo gailu mugikorretan.
Neo Geo AES+ retro kontsola, kondaira biziberritzeko prest
Metal Slugi lotuta dator SNK enpresak Plaion taldearekin elkarlanean iragarritako Neo Geo AES+ kontsola. 90eko hamarkadan merkaturatutako kondairazko kontsolaren eraberritutako bertsioa azaroaren 12an kaleratuko da. Prezioa baieztatu dute: 200 euro balioko ditu.
Beltz koloreko bertsio originala mantenduko dute, baina urteurreneko kontsola zuri berezia ere iragarri dute: 300 eurotan kaleratuko da. Kontsolarekin batera, noski, aginte arrunta zein arkade stick mandoa iritsiko dira.
Egunotan emulazioari lotutako kontsolak indarra hartzen badabiltza ere, ez da Neo Geo AES+ gailuaren kasua izango: aspaldiko kartutxo originalekin zein gehigarriekin funtzionatuko duen retro kontsolaren aurrean gaude. Birdiseinatutako ASIC txip originalak mantenduko ditu “makina originalaren hardwarea eta softwarea kopiatzeko”, diote arduradunek.
Gailu originalaren mugak haustera datoz, hori bai: HDMI konexioarekin egungo pantailetara konektatzeko aukera egongo da, 1080p bereizmenak aginduta. Hala eta guztiz ere, CRT pantailak ere erabili ahalko dira kontsolarekin AV sarrerari esker.
Kontsolako bideojoko klasikoen berrargitalpenak ikusiko ditugu —eskerrak, bigarren eskuko merkatuan ikaragarrizko prezioak izaten baitituzte—: hasteko, hamar obra mitiko jasoko ditu retro kontsola berriak. Katalogo aproposa eratu dute, arkade jokoak mugitzeko gai zen gailuaren titulurik maitatuenak batuta:
- Metal Slug
- The King of Fighters 2002
- Garou: Mark of the Wolves
- Big Tournament Golf (Neo Turf Masters)
- Shock Troopers
- Samurai Shodown V Special
- Pulstar
- Twinkle Star Sprites
- Magician Lord
- Over Top
Joko bakoitza 80 eurotan salduko dela aurreratu dute japoniarrek. Kontsola zuri berezia Metal Slugekin batera erosi ahalko da —hau ere kartutxo zuriarekin—; amaitzeko, kontsola, jokoak nahiz gehigarriak batzen dituen Ultimate Edition bilduma salgai jarriko dute.
Azaroaren 12an iritsiko da Neo Geo AES+ kontsola.
Lander Unzueta
Iruzkinak