Kontsoletan zein PCan kaleratuko dute Leikir eta DotEmu taldeek. Batailoiak prestatuko ditugu pertsonaia eta arma desberdinekin, ondoren duelu taktikoei ekiteko.

Arkade aretoetako bideojoko sagarik maitatuena urtea bukatu aurretik itzuliko da, baina genero berrian barneratuz. Metal Slug Tactics udazkenean kaleratzeko asmoa adierazi du DotEmu argiteletxeak argitaratu berri duen bideoan.

Zaleak berrien zain zeuden: Leikir talde frantsesak aspaldi informazioa eta datuak agindu zituen, baina urtebete inguru isilpean eman dute. Zorionez, trailerrean jokagarritasun mekanika eta ezaugarri berriak ikus ditzakegu.

Txandakako borrokak eta estrategia taktikoa izango dira nagusi Metal Slugen hurrengo abenturan; alegia, Final Fantasy Tactics edo XCOM erako elementuak bereganatuko ditu. Marco, Tarma, Eri eta Fio mitikoak ikusiko ditugu, baina guztira bederatzi heroi gidatuko ditugula aipatzen dute egileek. 36 arma hartu ahalko dituzte, eraldatzeko erabiliko dituzten 176 elementurekin batera.

Bukatzeko, zelan ez, ibilgailuen gainera igotzeko aukera egongo da: Super Vehicle-001 tanke klasikotik hasita, run and gun titulu desberdinetan azaldutako ibilgailuak erabili ahalko dira, sinkronizatutako eraso bereziekin batera. Transformazioak ere ez dira faltako, noski!

Helburua? Bahitutako bizardun gixajoak salbatzea, eta Morden jenerala beste behin garaitzea. Aipatutako guztia “eskuz diseinatutako 110 mapetan eta 20 misio mota desberdinetan” zehar erabiliko dugu arerioak akatzeko, nahiz buruzagi ezagunak gainditzeko.

Jokalari bakarrarentzako kanpainaren zertzeladak ikus daitezke bideoan: munduko mapan misioak aukeratzen ariko gara, baita gure heroiak pertsonalizatzen eta hobetzen ere.

Metal Slug Tactics plataforma nagusi guztietara iritsiko da: PCan zein PlayStation, Switch eta Xbox kontsoletan jokatu ahalko dugu udazkenean estreinatzen denean.