JRPG abenturen jarraitzaile sutsua nintzen umetan. Aukerarik onenak ziren bideojokoak maite zituen, baina urtean bakarra, edo asko jota, bi erosten zituen Landerrentzat: obra luzeak, interesgarriak bezain bitxiak, ikusgarriak eta bereziak izan ohi ziren, eta beren istorioek guztiz harrapatzen ninduten.
Gaur egun? Ez horrenbeste. Jokatzeko denbora urriagotzen den heinean —eta jokatzeko tituluen kopurua areagotzen— geroz eta zailagoa egiten zait mundu zabal hauetan murgiltzea. Urtebete irauten zuten jokoak oparia ziren umetan, baina madarikazioa gaur egun. Aspaldi maite izan nituen Pokémon, Final Fantasy edo Dragon Quest bezalakoetan jokatzen hasi bai, baina ez ditut inoiz bukatzen, ito egiten naute. Salbuespen batekin —tira, azken Like a Dragon (Yakuza) jokoak ere aipatu behar ditut—: Atlus garatzailearen Persona saga betidanik ezagutu izan dut, baina orain gutxi hasi nintzen ongi ezagutzen… maiteminduta geratu arte.
Animea eta fantasia
Horregatik, Atlusko beteranoek enpresaren baitan osatutako Studio Zero taldearen lan berria ofizialki iragarri zutenean —2016an egin zuten, Project Re:Fantasy izenarekin, iaz lehen aldiz erakusteko— ez nuen aitzakiarik behar berotzeko. Metaphor: ReFantazio interesgarriak japoniar institutuetako ikasleen bizitzaren eta ziega metafisikoen girotzea guztiz alboratzen du, jokagarritasun oinarri berberak hartuta fantasiazko istorio tipikoagoa aurkezteko.
Urriaren 11n estreinatuko da, astebete barru, baina egileak konfidantza osoa daukate jokoarengan, eta bost ordu inguruko iraupena duen doako proba berezia argitaratu dute PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan, bideojokoaren sarrera sakontasun osoz aurkeztuz.
Euchronia-ko Erresuma Batura bidaiatuko dugu: fantasiazko elementuak biltzen dituen eskualde zabala. Zaldunak, erregeak, elfoak eta dragoiak biltzen ditu, besteak beste, Atlusen Shigenori Soejima diseinatzailearen ohiko anime estetikarekin; horri lotuta, ez dira ohiko Soejimaren diseinu bitxiagoak nahiz beldurgarriagoak faltako. Gizaki bezala izendatzen dituzten munstro edo deabru bitxiak Euchroniako biztanleak akatzen dabiltza: Shin Megami Tensei eta Persona sagetako etsaien antzeko estetika hartuko dute hauek.
Ez da, baina erresumak bizi duen arazo bakarra. Erregea hil egin da, edo, hobe esanda, hil egin dute: Louis Guiabern kondeak tronua bereganatu nahi du, eta Euchroniako bizilagunen zati handia bere alde dago. Hor sartuko da gure protagonista: Elda tribuko gaztea —gizakien antza daukan alboratutako tribua— printzearen lagun mina da, madarikatutako printzea, gainera. Argi dago zein izango den helburu nagusia: adiskidea salbatzea.
Txandakako JRPG borrokak…
Gidoiak gidatutako JRPG konplexua aurkezten digu Metaphor ReFantaziok. Demoak utzitako lehen orduetan askotariko pertsonaiak, guneak, istorioak eta ezagutuko ditugu, baita borrokak zein jazoerak bizi ere: sarreran ez dago atsedenik hartzeko unerik.
Personaren oinarriak hartzen dituen RPG japoniarra izanik, argi dago txandakako borrokak izango direla nagusi. Katsura Hashino zuzendariak ohiko dueluak proposatzen dizkigu: gure protagonistek osatutako taldeak denetariko izakien aurka egin beharko du eraso arruntak zein magiak erabilita. Mugimenduen ordena aldatzen da oraingoan: talde batek erasoko du lehenengo; ondoren, besteak.
Burutzeko ekintza kopuru bat edukiko dugu txanda bakoitzean; izartxo bidez adierazita egongo da, eta, orokorrean, izar bat erabiliko dugu eraso edo abilezia bakoitzarekin. Dena den, aukera bereziak ditugu: txanda pasa eginez gero, izar erdi bakarrik erabiliko dugu, ekintza erdia. Beti bezala, etsaien ahulguneen bila joatea da gakoa: eraso eraginkor bakoitzeko izar erdi berreskuratuko dugu, gure txanda luzatuz. Shin Megami Tensei sagaren Press Turn borroka sistema eraldatua dugu, alegia.
Gure boterea arketipo izeneko izakiengandik edo transformazioengandik dator. Persona inbokazio gisa funtzionatzen dute, baina askatasun gehiago eskainita: protagonista nagusiak gainerako taldekideek erabiliko duten arketipo mota ezar dezake. Mecha itxurako zaldunak, aztiak eta bestelakoak erabiliko dituzte, eraso bereziak nahiz magiak erabiltzea ahalbidetuz. Abilezia ezagunak ikusiko ditugu: Tarukaja, Hama… Megaten frankiziatik eratorriak.
Txandakako borrokak —Squad battles— azkarrak dira, orokorrean: etsai arrunten aurkako dueluak ziztu bizian buka ditzakegu, trebeak bagara. Ez da gauza bera gertatzen buruzagien aurkakoetan, eta hemen estrategiak ondo prestatu beharko ditugula dirudi; zorionez, borroka hasieratik errepikatzeko aukera daukagu botoi bakarra zanpatuta.
Arerioak garaituz lortutako esperientziarekin gure pertsonaiak nahiz beraien arketipoak mailaz igoko ditugu. Protagonista nagusiaren aurrerapenak eskuz zehaztuko ditugu, hainbat aukeren artean hautatuz: indarra, bizkortasuna, magia… hau da, betikoak. Beste pertsonaien bereizgarriak automatikoki igoko dira. Arketipoen indarra ere modu horretara areagotzen joango da, baina, hobekuntza adierazgarrienak harremanen bidez emango dira. Personan gertatu modura, gure adiskideetako edo ezagunetako batek arketipoek osatzen dituzten ideiak edo heroiak irudikatuko ditu; hortaz, harremanak estutu ahala —abenturan zehar eurekin denbora igarota, edo helburu bereziak beteta—, arketipo horiek indartzen joango gara.
…eta musou erako batailak
Metaphor: ReFantaziok beste borroka mota bat proposatzen digu, hala eta guztiz ere: denbora errealekoa. Kasu honetan Persona 5en jarraipenaren, P5 Strikers-en musou kutsua nabari da. Ziegetan eta bestelakoetan etsaiekin topo egiterakoan txandakako borroketan sartu aurretik ezpatakadak banatzeko aukera daukagu; orokorrean, oso duelu sinpleak dirudite, eraso bakarrarekin, saihesteko mugimenduarekin zein arerioak finkatzeko botoiarekin. Gure indarraren arabera banatuko dira etsaiak: aura urdina daukatenak denbora errealeko duelu horietan akaba ditzakegu zuzenean.
Bost ordu inguruko iraupena duen doako proba berezia argitaratu dute PlayStation 5, Xbox Series eta PC gailuetan.
Aura horia zein gorria dutenak, baina, arazo larriagoa suposatzen dute, ezingo baititugu denbora errealeko sistemarekin garaitu. Kolpe batzuk jotzea lortuta, hori bai, etsai indartsuago hauek zorabia ditzakegu, eta, une horretan, txandakako borrokei hasiera emateko botoia zanpatuta, abantailarekin sartuko gara gatazkotan; alegia, erasotzeko txanda gehigarria jasoko du gure taldeak.
Ganorazko edozein JRPG jokotan gertatu modura, gure ekipamendua zaintzea eta hobetzea zein objektu aproposak lortzea ezinbestekoa izango da ziega luzeenetan nahiz latzenetan bizirauteko. Gran Trad hirian aurkituko ditugu dendaririk interesgarrienak, demoan behintzat: armak, armadurak, osagarriak eta erabilera bakarreko objektuak salerosteko aukera eskainiko digute.
Ziega pare bat bisitatzeko aukera edukiko dugu demoan —ziega sekreturen bat dago antza, berriz hasieratik ekin beharko!—, hauen egitura ezagutuz. Azken Personetan ikusitakoak jarraituko dituztela agerikoa da: gune nahiko linealak ditu Metaphorrek, erronka sinpleak osatuz. Esploraziorako tokia badago ere, altxor kutxak aurkitzea ez da batere zaila izango. Azken finean, borroketan parte hartzea, mailaz igotzea, eta eskuratutako ahalmen berriekin erdibideko zein bukaerako etsai nagusiak garaitzea izango da helburu nagusia.
Egutegi bat jarraitzen du bideojokoak —bai, bai, Persona, bla, bla…—. Demoan ez dugu horretan sakontzeko astirik, baina istorioan finkatuko zaizkigun helburu nagusiak epemuga baten aurretik gainditu beharko ditugula pentsa daiteke. Ordu desberdinetan banatuko dira, baina ez ditugu ikasgelan galduko, zorionez; gainera, asteko egunak ere biziko ditugunez, erronka edo topaketa bereziak biziko ditugu, egunaren arabera.
Gozamen hutsa begientzat eta belarrientzat
Jokoaren aurkezpena azpimarratu beharra dago bai ala bai, beti bezala, Atlusek sekulako maila erakutsi baitu esparru honetan. Menuak, pertsonaien diseinuak, efektuak, zinematikak… ikaragarriak dira, kopuru amaiezinarekin: probaren lehen ordu hauetan zur eta lur utzi naute elementu desberdinak aurkezterakoan prestatutako iruditeriaren aniztasunarekin. Persona 5i bezala, nortasuna dario Metaphorri.
Gure boterea arketipo izeneko izakiengandik edo transformazioengandik dator. Persona inbokazio gisa funtzionatzen dute, baina askatasun gehiago eskainita.
Gauza bera esan dezakegu, eta oso pozik gainera, soinu bandaz. Shoji Meguro musikagileak abesti apartak prestatu ditu bideojokorako: doinu nagusitik hasita, borroketako abestiak nahiz Akademeia gunekoa, benetan bereziak eta bikainak dira.
Metaphorrek ez du gehiegi harritzen teknikoki: anime estetika daukaten pertsonaien modeloek, inguruneek zein testurek maila ona erakusten dute, besterik gabe. Errendimendua kritikatzekoa da, zoritxarrez, PCko bertsioan —kontsoletan ere berdintsua esan daitekeela irakurri dut—: ordenagailu indartsu bati ere kosta egingo zaio segundoko 60 irudien tasa mantentzea une zehatzetan. Egileek honen inguruan mintzatu dira, demoaren errendimendua hobetzeko lanean dabiltzala adieraziz.
Aipatutakoak baino askoz gehiago bilduko ditu joko osoak, noski. Demoak lehen mekanikak eta oinarriak ezagutzeko baino ez digu balioko, nahiz eta ia bost ordu iraun. Istorioak hartuko duen bide orokorra ezagutzeaz gain, mundu aberatsa osatuko duen mapa erraldoiari, borrokek zein harremanek eskainiko dituzten aukera sorta zabalari edo protagonista interesgarrien zerrendari lehen begirada emateko aproposa da, eta ziur uste baino jokalari gehiago harrapatzea lortu eta lortuko duela.
Girotzea alboratuta, beraz, Atlusen JRPG abenturak jarraitzen dituenak nahiko ondo ezagutuko dituen elementuak eta mekanikak dira nagusi Metaphor ReFantazion. Askok ez zuten besterik eskatzen: azken urteotan Personarekin zein Megatenekin erakutsitako maila ikaragarria proiektu berri batekin hedatzea eta eraldatzea, freskotasuna ekarriz. Metaphor: ReFantazio astebete barru estreinatuko da. Bitartean, Atlusen abenturen zaleek zein inoiz JRPG bat probatu ez duten jokalariek deskargatzeko altxorra da bere doako proba.
(Motorrak are gehiago berotzeko, hemen duzue Persona 5 Royal apartari eskainitako analisia).
Iruzkinak