Armen pertsonalizazioa erakutsi du 4A Games-ek. Otsailean helduko da PC, PS5 eta Xbox Series hirukotera.
Metro 2039 tiro eta beldur jokoak bideo berria eskaini du Gamescom azokan. Laugarren atalaren jokagarritasun bideo berriak Moskuko tunel ilunetara eraman gaitu berriro.
Sevastopolskaya geltokiko egoera azaltzen da, zehazki, Arrotzaren (The Stranger) begietatik: protagonista berria ikusiko dugu 2039n, Artyom ezaguna alboratuta. Exodus-eko gune irekiak ere ahaztuko ditu, itxura batean, laugarren jokoak, lehen bi tituluetako oinarrietara itzulita.
Novoreich taldea nagusitu da Moskun, eta Arrotza pasabideetan zehar barneratu beharko da, tiroka zein isil gordeka, soldaduen nahiz munstroen aurka eginez: izaki berriak zein ezagunak ageri dira azken bideoan, atal grafiko ikusgarriarekin batera. Armentzako pertsonalizazio aukerak eta hobekuntzak ere ikus daitezke, gure ekipamendua txukunduz abenturan aurrera egin ahala.
Datari dagokionez, apirilean jokoa aurkeztu zutenean negurako kaleratzeko asmoa agertu zuten garatzaileek. Data, baina, ekainean berandutu zuten, 2027ko otsailerako ezarrita. PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da Metro 2039.
Lander Unzueta
Iruzkinak