Xbox First Look ekimenaren baitan ikusiko dugu Metro sagaren laugarren atala.
Xboxek etzirako iragarpen berezia prestatu duela jakitera eman du. 4A Games estudioarekin eta Deep Silver argitaletxearekin elkartu da Metro 2039 lehen aldiz aurkezteko.
Emanaldi berrian erakutsiko dute lehen aldiz: Xbox First Look izeneko zuzenekoa hasiko dute 19:00etan. Xboxekoen YouTube katetik jarraitu ahalko da.
Azken egunotako zurrumurruak benetakoak direla jakin dugu, beraz: Metro 2039 izena zein hainbat bideo filtratuta ikusi ditugu sareetan. Bideoak, baina, jokoaren lehen bertsiokoak dira: dirudienez, 4A Gamesekoak 2022an prestatutako lehen prototipoarenak. Ordutik hona jokoa nabarmen edo zeharo aldatu dela pentsatzea da logikoena.
Aurreko trilogia benetan maitatua da jokalarien artean: ukrainarren Metro 2033 (2010), Metro: Last Light (2013) zein Metro Exodus (2019) atalek balorazio bikainak jaso zituzten bai prentsaren, bai jokalarien aldetik, eta, ez hori bakarrik, askotariko adabakiak zein doako eguneratzeak utzi dituzte tituluak kaleratu ondoren.
Dmitry Glukhovsky idazlearen liburuak hartzen dituzte oinarri: apokalipsi ondorengo Mosku hiriko metro sarean kokatzen dira bideojokoak. Tiroketak, beldurra eta istorio sakona biltzen dituzte atal grafiko ikaragarriarekin batera.
Ostegunean ezagutuko dugu laugarren Metro 2039.
Lander Unzueta
Iruzkinak