Jokagarritasun zein zinematika bideoak utzi dituzte 4A Games taldekoek. Protagonista berria gidatuko dute jokalariek: Arrotza.
4A Games estudioak eta Deep Silver argitaletxeak Metro 2039 ofizialki iragarri dute Xbox First Look saioan. Urte bukaeran estreinatuko dela adierazi dute, data zehaztu gabe, PCan eta PlayStation 5 nahiz Xbox Series kontsoletan.
Aurkezpenean laugarren Metro izango dena ezagutzera emateko bideoak utzi dituzte, noski. Protagonista berria aurkezteko bideo zinematikoa jaso dugu, lehen eta behin: Arrotza (The Stranger) gidatuko dugu oraingoan, Artyom alboratuta. Arrotzaren iraganak eta bere haurtzaroan bizitako jazoera misteriotsuek istorioan pisu handia izan dezaketela pentsa daiteke, iragarpen zinematikan ikusitakoen arabera.
Protagonista aldaketak ez du oinarriak berriztatuko dituztenik esan nahi. Jokagarritasun atalean ikusi ahal izan denez, lehen pertsonako tiro jokoa izango da Metro 2039, beldurrezko elementu nabarmenekin. Metro Exodus-en Moskuko metrotik urrundu ondoren, etxera itzuliko garela dirudi, eta lurrazpiko tunel klaustrofobikoek berriz protagonismoa hartuko dutela. Novoreich fakzioak indarra hartu du Artyomen taldeak metrotik alde egin ondoren, eta horren ondorioak biziko ditu Arrotzak.
Gizakien kontrako tiroketak nahiz munstroen aurkako tentsioz betetako uneak itzuliko dira; gure ekipamendua zaintzea eta erradiazioari aurre egiteko tresnak edukitzea zeharo garrantzitsua izango da beste behin, borrokei kutsu ilunagoa eskainita. Atal grafikoa, ohi bezala, ikusgarria da, argiztapenak bikaina zutabe nagusia izanik.
4A Games taldetik egun nazioarteko estudioa direla aldarrikatu dute, baina “Ukrainan jaiotakoa”. Errusiaren inbasioak “Metro 2039ren garapenean zuzenean eragin eta hau moldatu” duela diote, istorioaren ardatzak “erabakien, ekintzen, ondorioen eta etorkizuna bermatzeko balioaren” inguruan ezarrita.
Metro 2039 neguan estreinatuko da, esan bezala, PC, PS5 eta Xbox Series gailuetan.
Lander Unzueta
Iruzkinak