PC benetan indartsua eskatuko du 4A Gamesen jokoaren bertsio honek. Doakoa izango da jatorrizko obra erosita dutenentzat.

Dagoeneko bi urte igaro dira Metro Exodus estreinatu zenetik. Polemikak eratuta, baina kritikaren zein zaleen onespena lortuta, 4A Gamesen jokoa batez ere atal grafiko bikainagatik nabarmendu zen. Orain esparru hau hobetzeko asmoarekin dabiltza garatzaileak Metro Exodus Enhanced Editionekin.

Bertsio aurreratu honek gaur egungo PCen indar guztia erabiliko du. Izan ere ray tracingarentzako euskarria duten txartel grafikoekin soilik jokatu ahalko da Enhanced Edition honetara: ray tracinga ardatz hartuta eratutako lehen AAA jokoa izango da.

Jatorrizko lanak ray tracing ezaugarriak erabiltzen bazituen ere, datorren hilabetean estreinatuko den bertsioak ray tracing isla aurreratuak gehitu, argiztapen orokorra hobetu eta The Two Colonels DLCan erabilitako igorritako ray tracing argiztapena jasoko ditu, besteak beste.

Horrez gain Nvidia txartelek ahalbidetzen duten DLSS 2.0 teknologia ere erabili ahalko du Exodusek bertsio eraberrituan, segundoko irudien tasa hobea eta bereizmen areagotuko irudia eskainiz modu horretara. Digital Foundrykoek hobekuntza guztiak aztertu dituzte sakontasunean :

Garatzaileek nabarmendu nahi izan dutenez, “hobekuntza honek horren zabalak dira, gutxieneko baldintza bezala ray tracingaren euskarria duen GPUa beharrezkoa izango dela”. Hori horrela, jatorrizko jokoarentzako eguneraketa arrunt modura argitaratu beharrean “joko gehigarri bezala eskainiko zaie dagoeneko Metro Exodus erosita dutenentzat”.

Hau da, joko originala bere garaian erosi zutenek doan jasoko dute bertsio berria. Are gehiago, Humble Bundlek iragarri duenez maiatzeko Humble Choiceren barnean egongo da Metro Exodus.

Etorkizunean Enhanced Edition hau belaunaldi berriko kontsoletarako argitaratuko dutela aurreratu dute; lehenengo, baina, PCrako bertsioa bukatzen ari dira.

Epic Games, Steam, Windows Store eta GOG saltoki digitaletan eskuratu ahalko da “erabateko eguneraketa” berria. Linuxek eta Macek ez dute bertsio hau jasoko, “dakartzan hobekuntzak ez baitira bateragarriak sistema eragile hauekin”.

Metro Exodus Enhanced Edition maiatzaren 6an kaleratuko da PCrako.