Ahaztuta egon ondoren, Metroid saga berpizteko unea iritsi da azkenik. Switch-erako abentura prestatu du Nintendo-k Mercury Steam garatzailearekin elkarlanean. Estilo klasikodun jokoarekin frankiziaren jarraitzaile sutsuenak zein hasiberriak erakarri nahi dituzte, mekanika zaharrak zein berriak bilduta.

Ametsa zirudien. Metroid Dread nintendozaleen ahoetan ibili da azken hamasei urteetan. Sagako bosgarren atala izango zena han-hemenka agertu zen aspaldi: hedabideek erdi baieztatu egin zuten Nintendo DS kontsolarako prestatzen ari zirela N Handikoak; Metroid Prime 3: Corruption-en, berriz, Dread deitutako proiektua burutzear zegoela aipatzen zen. Samus Aran espazioko ehiztariaren jarratzaile guztiek argi zeukaten gutxi falta zela abentura berria jasotzeko… baina ez zen horrela izan. Ez genuen Metroid Dread desiratu hori ikusi.

Yoshio Sakamoto Metroiden sortzailea eta bere taldea Dreaden lanean hasi, baina buruan zeukatena bideo-jokoetara eramateko goizegi zela konturatu ziren. Hori horrela, prestatutakoa alboratu egin zuten; bitartean, metroidzaleek zain jarraitzen zuten, bideo-joko berria ikusteko irrikitan.

Hamasei urte beranduago, Nintendok ametsa besterik ez zirudien ahaztutako Dread berpiztu egin zuela iragarri zuen. Oraingoan, baina, ez zen etxeko garatzaileek sortutakoa izango; Metroid: Samus Returns apartean lan egindako MercurySteam garatzaile espainiarrak hartuko zuen ia bi hamarkada atzerago bururatutako abentura eratzeko ardura. Lan gogorra Castlevania: Lords of Shadow saga sortu zuen taldearentzat, dagoeneko ez baikaude Game Boy-ean kaleratutako joko baten eraberritze xumeagoaren aurrean. Dread Metroid guztiz berria da; are gehiago, frankiziaren bosgarren atala da.

 

Samusen istorioa jarraituz

Saga nagusiak hemeretzi urtetan lehen aldiz jasotako joko berriaren aurrean gaude. Izan ere, Dread 2002an Game Boy Advance kontsola eramangarrian kaleratutako Metroid Fusion bikainaren jarraipena da: Samusek Adam adimen artifizialaren laguntzarekin BSL espazio ontzitik ihes egin eta denbora gutxira hasten da abentura.

ZDR planeta misteriotsura bidaiatu beharko du protagonistak Dreaden. Fusionen ustez suntsitutako X parasitoak bizirik jarraitzen duela dirudi, eta Federazio Galaktikoak hori ikertzeko EMMI izeneko robot ia garaiezinak bidali ditu planetara. Horiekin komunikazioa galtzerakoan, Samusi eskatuko diote robotak aurkitzeko eta X parasito hilgarriak suposatzen duen arriskua ebaluatzeko. Istorio aldetik lan bikaina egin dute MercurySteamekoek: oso interesgarria izatea lortzen du, batez ere sagaren zaleentzako elementu erakargarriak gehituta. Hori erritmoa moztu gabe egiten du gainera, Fusionen gertatzen zena saihestuta; GBAko jokoan hizketaldi luze samarrak nagusi ziren, baina Dreaden hauek modu aproposean sakabanatuta daude.

 

Gaur egungo Metroid klasikoa

Jostagarritasunari dagokionez, Metroid klasiko baten aurrean gaude. Hiru dimentsiotako atal grafiko itxurosoa eduki arren, bi dimentsiotako jostagarritasuna dauka Dreadek: Samus plano bakarrean mugituko da abenturan, Prime saga desiratuaren lehen pertsonako ikuspegia alboratuta. Jokoa hasi bezain laster nabarituko duguna bizkortasuna izango da: segundoko 60 irudien tasa ezin hobeto datorkio abenturari, eta gozatzekoa da Samus mugitzen ikustea. Are gustagarriagoa da, baina, protagonista kontrolatzea: Super Metroid, Zero Mission edota Fusion ataletara ohituta egon ondoren lasterka, saltoka eta tiroka aritzea ikaragarria da. Samus inoiz baino biziagoa da joko honetan, eta ziztu bizian zeharkatuko ditugu kokaleku desberdinak. Itzel ikusten da, eta are hobeto sentitzen da.

Saga nagusiak hemeretzi urtetan lehen aldiz jasotako joko berriaren aurrean gaude. Izan ere, Dread 2002an Game Boy Advance kontsolan kaleratutako Metroid Fusion bikainaren jarraipena da.

Samus Returnsen lehen aldiz ikusitako bi mekanika itzuliko dira Dreaden. Alde batetik, edozein norabidetan apuntatzeko sistema dugu; modu horretara etsaiei zehaztazunez tiro egiteko aukera dago, baina gelditzea eskatzen du. Bestetik, kolpea eta kontraerasoa erabil ditzake Samusek; arerioei fisikoki jotzeko aukera ematen du honek, baina hauek disdira egiterakoan erabiliz gero parry boteretsua erabiliko du protagonistak, eraso bakarrarekin akatzeko.

Kokalekuak, erasoak eta mugimendua modu zoragarrian batzen dira obran. Hasiera batean ez dirudien arren, guneak modu zehatzean igarotzeko pentsatuta daude: erritmo bizia dauka jostagarritasunak, eta behin klik egin eta dena ulertzean zoragarria egiten da; ziztu bizian erasotzera datorren munstro bati kontraerasoa egin eta ondoren hormetatik saltoka aritzea, jarraian pasabide batetik irrist eginez sartzeko, itzela da. Bideo-joko bati buruz hitz egitean eskaini ahal zaion laudoriorik handiena jokatzeko dibertigarria dela esatea da, eta inolako dudarik barik lortzen du hori Dreadek.

Aipatutakoekin batera oinarrizko mekaniketan berritasun gutxi aurkituko ditugu. Metroidvania jokoen aitzindaria izanik, hauen egitura jarraitzen du Metroid berriak: mapa erraldoiak esploratu beharko ditugu aurrera egiteko bidearen bila, baina askotariko oztopoak ikusiko ditugu. Horiek gainditzeko abilezia berriak eskuratzea ezinbestekoa izango da: morphball-a, kargatutako tiroa, gantxoa eta ohiko mugimenduak biltzen ditu jokoak. Orain arte ikusi gabeko ahalmenak ere lortuko ditu ehiztariak: batzuk benetan interesgarriak izango dira, mugikortasuna modu berezietan eta bikainetan areagotuta.

Abilezia bakoitzak mapa pixkat gehiago irekiko du: jokalariaren lana izango da aurretik ikusitako oztopoak non dauden ikasten joatea… edo ez. MercurySteamekoek oinarrizko hainbat ezaugarri gehitu dizkiote mapari. Uneoro ikusi ahalko ditugu zeintzuk izan diren itxitako bideak, eta horiek irekitzeko ahalmena lortzerakoan mapan horrela adierazita agertuko dira, esploratu gabeko geletara itzultzea inoiz baino errazagoa izanik. Horrekin ere arazoak baditugu, Hollow Knight eta beste metroidvania batzuetan egin modura markagailuak erabiltzeko aukera gehitu dute garatzaileek: maparen menura sartu gabe ere agertzen dira minimapan; benetan eskertzeko ezaugarri erabilgarria da.

Izan ere, Metroid 2D-etan inoiz ikusitako maparik handiena dauka Dreadek. Hainbat kokaleku desberdin batzen ditu, guztiak erraldoiak. Jokoaren diseinua bikaina da: esploratzeko guneak horren handiak izan arren abenturak jokalaria adeitasunez gidatzen du mapatik zehar. Halere, bide zuzenetik joanda ere jarraitzeko egin beharrekoak aurkitzea gure esku egongo da. Ahalmen bereziekin batera misilak eta energia deposituak sakabanatuta daude gune desberdinetatik. Batzuetan horiek bide ondoan aurkituko ditugu, baina aipatzekoak dira batzuk lortzeko gainditu beharreko puzzleak: sagaren beteranoek ere arazoak edukiko dituzte kasu batzuetan, esperientzia bikaina izanik metroidzaleentzat.

 

Berritasun beldurgarri zein bikainak

Ohiko egitura ikusiko dugu beraz, baina abentura hasi eta gutxira jokoaren erronka handienetakoarekin topo egingo dugu: EMMI robotak. Obraren azpitituluari zentzua ematen dioten izakiak dira; hauek akatzea ia ezinezkoa da, eta bizirik jarraitzeko ihes beharko dugu. Beldurra eta tentsioa pasako ditugu robotok patruilatzen dituzten guneetara sartzerakoan. Zalantzarik gabe Dreaden gehikuntza esanguratsuenak dira; Fusionen SA-X boteretsuarekin gertatu modura, hanka egitea lortzeko sekulako iaiotasuna erakutsi beharko dugu, baina hauek abenturako momentu zehatzetan soilik ikusi beharrean behin eta berriz ibiliko dira gure atzetik, ezkutuan aritu beharreko sekzioak sortuta. Samus harrapatuz eginez gero, partida bukatuko da, kontraeraso zehatza eta zaila gauzatzea lortzea ez badugu behintzat. Askotan akatuko gaituzte; batzuetan gogaikarria suerta daiteke, baina abenturako unerik bikainenak ere hauen kontra biziko ditugu.

EMMIek etsai nagusien funtzioa betetzen badute ere, ohiko arerio boteretsuak ere aurkituko ditu Samusek bere bidaian. Sagako borrokarik onenak ikusiko ditugu Dreaden: berdin dio tamaina txikiko animaliak zein izaki erraldoiak izan, duelu ikusgarriak eta interesgarriak eratu dituzte MercurySteamekoek. Are gehiago, benetan zailak izango dira batzuk: ohikoa izango da behin eta berriz hiltzea etsai nagusien aurka egiterakoan, hauek askotan kolpe bakarrarekin energia deposituetako bat husteko gai baitira. Baina zailtasun handikoak izan arren, horren dibertigarriak izanik ez dugu arazorik izango partida behin eta berriz hasteko. Ikaragarrizko lana egin dute arlo honetan; gainera, gozamen hutsa da borroketako zinematikak ikustea, batez ere kontraeraso bati esker kamera angelu zirraragarriz betetako akziozko eszena interaktiboak erakusten dituztenean.

 

Atal tekniko mugatua, baina ederra

Atal teknikoa gozatzekoa da baita. Jokoa lehen aldiz aurkeztu zutenean grafikoki nahiko makala antzematen zitzaidan, baina pozik esan dezaket oso oker nengoela: Samusek, piztiek zein paisaiek sekulako lana dute. Esan bezala, protagonista mugitzen ikustea ikaragarria da, baina atzean dituen tokiek ere zur eta lur utziko gaituzte. Gela bakoitzak bere atzealdea dauka; xehetasunez beteta daude, bizirik daudela sentiaraztea lortuta. ZDR planetan kobazuloak, labaz betetako bidezidorrak, laborategi misteriotsu zein beldurgarriak, itsas hondoa, jauregi ederrak eta askoz gehiago bisitatuko ditugu, panorama anitzak eratuta.

Aipatutakoak halako jokoetako ohiko girotzeak badira ere, planeta estralurtarrean aurkitzen garela sentiaraztea lortu dute artistek sortutako diseinu liluragarriei esker. Arerio batzuen itxura hasiera batean sinplea den arren, abenturan aurrera egin ahala piztia koloretsuekin eta harrigarriekin topo egingo dugu; esploratu gabeko guneetara iritsi eta bertan izaki berriak ikustea itzela da aurrera egiten ari garenaren sentipena areagotuta.

Zoritxarrez, soinu banda aldetik Metroidekin ezagutzen dugun mailaren azpitik geratu dira Dreaden. Behin edo behin esploratzeko eta borrokatzeko doinu apartak entzungo ditugu, baina orokorrean nabarmentzeko ezer ez daukaten abestiak entzuten egongo gara. Tamalgarria, sagak ikaragarrizko soinu bandak izanik maila hori mantentzea ezin lortu izana.

Jokoaren diseinua bikaina da: esploratzeko guneak horren handiak izan arren abenturak jokalaria adeitasunez gidatzen du mapatik.

Framerate aldetik noizean behin jaitsierak nabarituko ditugu, batez ere gune batetik bestera igartzeko karga denboretan. Hauek luzeegiak direla esan beharra dago: alde batetik bidaiatu baino lehen nora joango garen azaltzen digun eszenatxoa jarriko digute, eta ostean karga bideo luzea hasiko da. Askotan nahi dugun lekura iristeko hainbat kokaleku igaro beharko ditugunez, nekagarria suertatzen da.

Bila ibiliz gero han-hemenka akats txikiak aurkitzea erraza da. Horiek kontuan hartuta ere, edozein bideo-jokalarik benetan gozatzeko obra sortu du MercurySteamek. Metroid Dread ez da agian sagako abenturarik borobilena izango, baina zalantzarik gabe Sakamoto eta bere taldeak sortutako frankiziaren jokorik onenen parera iristea lortu du. Zaleak pozik egon daitezke: Metroid sekulako lanarekin itzuli da.

Metroid klasikoak maila berri batera eramatea lortu du Dreadek. Sagaren jarraitzaile nagusienak pozik egoteko jokoa da, baina aldi berean 2D abentura zaharretako mekanikak eta sentipenak modu bikainean eraberritzea lortzen du MercurySteam garatzailearen obra honek. Metroidzaleek derrigor jokatu behar duten lana jaso dugu, baina aldi berean frankiziaren hasiberrientzako abentura aproposa da.