Urriaren 8an merkaturatuko du Mercury Steam garatzaileak Samus Aranen abentura Switch kontsolan. 2002an argitaratutako Metroid Fusion-en jarraipen zuzena izango da.

Nintendo bere kontsola hibridorako hurrengo bideo-joko handiaren xehetasunak barra-barra zabaltzen ari da azken asteetan. Metroid Dreaden bi trailer berri zabaldu dituzte japoniarrek sarean, Samusek biziko duen abenturari buruzko berritasunak eskainita.

Mercury Steam estudio espainiarra prestatzen ari den lanak Metroiden kronologian kokatutako azken jokoan gertatutakoak jarraituko ditu. Hau da, 2002. urtean Game Boy Advance kontsolan kaleratutako Metroid Fusion bikainaren jarraipena izango da Dread.

Izan ere, arduradunek Metroid 5 bezala izendatu zuten iragartzerakoan. Espainiarrak azken Metroid jokoaz arduratu ziren gainera, 3DS-rako merkaturatutako Samus Returns Metroid II-ren remakea.

ZDR deitutako planeta misteriotsua esploratzeari ekingo dio espazioko ehiztariak oraingoan. Nola ez, joko hasieran bere abilezia guztiak galduko ditu, eta jokalarien helburua horiek berreskuratzen joan eta are botere gehiago lortzea izango da, etsai nagusiak akatzen dituzten bitartean. Samus Returns-eko kontraerasoa eta Aeion ahalmenak itzuli egingo dira, baita ohiko Morph Ball eta misilak ere, itxura guztiz berria daukan jantziarekin batera.

Oraingo honetan, baina, Samusek etsai benetan beldurgarriak aurkituko ditu. E.M.M.I. izeneko robot hilgarriengandik ihes egin beharko du protagonistak, hasiera batean behintzat, hauek garaiezinak izango baitira.

Azken trailerreko berritasunik esanguratsuena jokoaren etsai nagusietako bat izango dena da zalantzarik gabe. Chozo arrazako gerlari bat ikus daiteke bideoan Samusen aurka egiten. Metroiden istoriorako gertakari benetan garrantzitsua izango da, Samusen jantzia zein bere abilezia bereziak ustez desagertutako espezie honen eskuetatik datoz-eta. Munstro berriak egongo diren arren, arerio ezagunak ere itzuliko dira Dreaden. Kraid erraldoiarekin berriz topo egingo du Samusek, adibidez.

Bideoekin batera arduradunak Metroid Dread Report deitutako artikuluak argitaratzen ari dira jokoaren webgunean. Bertan abenturaren ezaugarriak zehazteari ekin diote, urria urrun geratzen zaien zale horientzako informazioa eskainita.

Metroid Dread Nintendo Switch kontsolarako argitaratuko da esklusiboki urriaren 8an. Samus Aran bere 35. urteurrena ospatzen ari da aurten. Horren omenez azken bi dimentsioetako abenturak gogoratzeko erreportaje berezia idatzi genuen Game Erauntsian.