2.5D abentura izango da Dread-en jarraipen zuzena. Planeta eta botere berriak ikusiko ditugu Switch 2 kontsolan.
Samus Aran espazioko ehiztariaren abentura berria iragarri du Nintendo-k. Metroid Ravenous deitua, 2027ko urtarrilaren 28an kaleratuko da.
Switch 2 kontsolako esklusiboaren iragarpen bideoa akzioz betetakoa izan da, Metroid Dreaden jarraipena izango dela argi adierazita. 2.5D proposamenarekin, hiru dimentsioko grafikoak eta bi dimentsioko jokagarritasuna elkartuko ditu berriro. Garatzaileak aipatu gabe geratu badira ere, MercurySteam estudio madrildarrak errepikatuko duela suposatzea da logikoena.
Ohi bezala, Samus indargabetuta eta botereak galduta ikusiko dugu, talde misteriotsu baten aurka egin ondoren ia bizitza galdu ondoren. Abentura bertatik abiatuko dela dirudi, espazioko munstroen, jauzien eta ireki beharreko bideen artean. Dreaden eta Samus Returns-en ikusitako kontraeraso eta bulkada mekanikak bueltan dira, oraingoan, Dread bukaeran lortutako botere berriei keinu eginez: hortik lortuko omen ditu Samusek bere abileziak.
Bisitatuko dugun planeta —edo ilargi— berria askotariko inguruneetan banatuta egongo da. Basamortuak edo laborategiak ageri dira trailerrean, Switch 2aren indarra aprobetxatuz atal grafiko ederra erakutsita.
Urtarrilaren 28an esklusiboki Switch 2an estreinatuko da Metroid Ravenous. Joko arruntarekin batera, edizio berezia estreinatuko dute N handikoek. Amiibo figurak ere jasoko ditu.
Lander Unzueta
Iruzkinak