Orain bi urte argitaratu zen Hollow Knight abentura eta esplorazioa ardatz duen jokoa, zaleen ikur berria bihurtu da. Atal guztietan lan bikaina egin duen Metroidvania honek eskarmentu handiko jokalariak zein hasiberriak liluratu ditu.
Metroidvania estiloko jokoen zaleek, azken urteetan azpigenero horretako gero eta altxor gehiago argitaratuz joan direla nabaritu dute. Izan ere, indie sortzaile asko dira abentura, esplorazioa eta akzioa bateratzen dituen azpigeneroarekin ausartu izan direnak.
Horren adibide ezin hobeak dira Axiom Verge, Guacamelee edota Salt and Sanctuary ezagunak. Metroidvanien artean beraien tokia lortu badute ere azpigeneroaren sortzaileen azpitik geratu izan diren jokoak dira, Metroid eta Castlevania sagena, hain zuzen ere.
Duela bi urte pasata, 2017ko otsailean, Kickstarter kanpaina baten ostean Team Cherry indie talde australiarrak Hollow Knight izeneko bere lehenengo jokoa argitaratu zuen. Lehenik PCrako eta ostean Switch, PS4 eta Xbox Onerako, izen handirik gabeko taldea metroidvanie zaleen artean leku bat egiten hasi zen.
Giza itxurako intsektuz betetako mundua da Hollow Knighten abiapuntua. Abentura bertan behera gelditu den erreinu baten ateetan hasiko dugu. Gure protagonista, izenik gabeko intsektu txiki eta gazte bat izango da, eta ezpata txiki bat lagun duela Hallownest izeneko erreinuko sakontasunetan murgiltzea izango da bere helburua.
Hallownestetik galduta
Azalpen handirik eman gabe hasiko dugu Hollow Knight, eta horrela izango da bere lehen orduetan. Lurrazpiko kobazuloetan barrena goazela ez dugu inolako markagailurik ikusiko: Metroid zaharrenetan gertatu modura, aurrera jarraitzeko esploratzea beharrezkoa izango da, puntu jakin bati jarraitu beharrean.
Esan bezala, Metroidvania azpigeneroaren ezaugarri nagusia esplorazioa da. Eremu berriak esploratzen goazela, askotan ahalmen berri bat lortu eta aurretik bisitatutako guneetan are bide gehiago zabalduko zaizkigu. Hori da Team Cherryk sortutako jokoaren ardatzetako bat.
Hala ere, Hollow Knightek aurrean jartzen digun mundua erraldoia da Metroid haiekin alderatuta. Ohikoa izango da Hallownestetik guztiz galduta ibiltzea; esploratzeko guneak handiak badira ere, etengabean gune berrietara iristen ibiliko gara, baina aldi berean gure denbora beharko dugu item edota ahalmen berriak aurkitzeko.
Akzioari dagokionez, gure protagonistak Hallownest zeharkatzeko erabiliko duen mugimendu sorta nahiko sinplea izango da. Gauza bera gertatzen da borrokatzerakoan: gure ezpatarekin jotzeaz batera, magia gutxi batzuk ere erabili ahalko ditugu, ezaugarri eta ahalmen zehatz batzuk emango dizkiguten amuleto berezi batzuez gain.
Sinpletasuna ardatz hartuta, Team Cherryren lana mugimendu zehatzez baliatzen da abentura zirraragarria izateko. Gauza gutxi egin ahal ditugun arren esplorazioak eta borrokak bere xarma dute; izan ere zailtasun handiko joko baten aurrean gaude, baina beti nabarituko dugu egindako akatsak gure errua izan direla.
Final boss latzetatik hasita ohiko etsaietaraino, guztiekin edukiko dugu hiltzeko arriskua. Hori gertatzean, Dark Soulsen antzera, gordetako azken lekutik hasi eta hil gaituzten lekura arte heldu beharko gara, bertan batutako dirua berreskuratzeko.
Hori horrela, abenturan aurrerapausoa ematea nekeza izango da askorentzat. Aurrera egin ahal izateko beharrezkoa den patxada hori, dena den, bisitatuko ditugun leku zoragarriek arinduko dute.
Esploratzeko desiratzen
Team Cherryk sortutako munduak lehen segundotik liluratzeko ahalmena dauka. Sortzaileek 2Dn egindako joko hau sortzerako orduan eskuz marraztutako spritak erabili dituzte. Izugarrizko lana eginda, bisualki ikusgarriak diren pertsonaiak, paisaiak eta efektuak lortu dituzte.
Horri gainera soinu banda izugarri bat gehitu behar zaio. Gune eta etsai bakoitzak bere konposizio propia dauka, eta horiei esker Hallownesteko munduan harrapatuta sentitzea oso erreza izango da.
Bukatzeko, Hollow Knightek kontatzen digun istorioa nabarmentzekoa da. Hemen ere Miyazakik sortutako Dark Soulsen kutsua hartzen du: hasieran kontatzeko askorik ez dagoela ematen duen arren, Hallownestetik sakabanatutako pertsonai urriek erreinuaren historia azalduko digute. Hori ezagutzen goazen bitartean istorioaren korapiloa uste baino konplexuagoa dela ohartuko gara, Hallownesten patua ezagutzeko gogoak piztuz.
Abenturazaleentzako altxorra da Hollow Knight. Azpigeneroko obra esanguratsuenen parean, edo are gorago dago: bere maisuengatik ikasi eta azken urteetan sortu den Metroidvania ikusgarrienetakoa da. Ez hori bakarrik, gainerako AAA jokoen parera heltzea lortu du, benetan joko liluragarria baita.
Artikulu originala PixelBerri blogean argitaratu zen.
Iruzkinak (3)
Lander Unzueta Oct. 3, 2019, 11:53 a.m.
Aupa, eskerrik asko testua argitaratzearren! Azkenaldian denbora faltagatik analisiak idazteari utzi izan diot, baina ea pixkanaka-pixkanaka berriz erritmoa hartzen noan. Hurrengo batera arte!
Urtzi Odriozola Oct. 3, 2019, 2:46 p.m.
Analisi mundiala! Mila esker!
Demonocrazy Nov. 21, 2019, 12:30 p.m.
Joku bikaina benetan!