PS5, Switch 2 eta Xbox Series gailuek jasoko dute Edmund McMillen-en obra berria. Otsailean PCan estreinatu zen.
Nicalis argitaletxea Mewgenics kontsoletara eramateko prestatzen ari da: irailaren 8an kaleratuko dituzte bertsio berriak.
Zehazki, PlayStation 5ean, Switch 2an eta Xbox Seriesetan ikusiko dugu Edmund McMillen (The Binding of Isaac, Super Meat Boy) sortzailearen lan berria. Bere estetika eta diseinuak mantentzen dituen arren, premisa zeharo aldatu du Mewgenicsekin: “amaigabeko katu ugalketa RPGa” da.
Hori horrela, apokalipsi ondorengo munduko katuak zaindu, hezi, eta borrokara bidali beharko ditugu. Lauki sareetan sakabanatutako txandakako borrokak izango dira nagusi, XCOM edo Tactics estilora. Roguelike ideiak ere ikusiko ditugu, partida bakoitza eraldatuz: katuak hobetu ahala, hauentzako maila eta osagarri desberdinak desblokeatuko ditugu, geroz eta urrutiago iristea ahalbidetuta.
Otsailean ordenagailuetan estreinatu zen lehenengoz, sekulako arrakasta lortuta: astebetean milioi salmentak gainditu, eta erabiltzaileen aldetik balorazio benetan baikorrak eskuratu zituen. McMillenek ez du atsedenik hartu, ohi bezala, eta gaurkotzeekin nahiz edukiekin elikatzen dihardu.
Kontsolako jokalarien txanda irailaren 8an iritsiko da, beraz: PS5, Switch 2 eta Xbox Series plataformetan estreinatuko da Mewgenics.
Lander Unzueta
Iruzkinak