Windows Store eta PCko Game Pass bidez estreinatuko da simulagailua. Hainbat edizio berezi edukiko ditu.

Xbox Game Studiosek eta Asobo Studiok Microsoften saga maitatuenetakoaren itzulera noiz izango den jakinarazi dute. Microsoft Flight Simulator abuztuaren 18an kaleratuko dute PCan.

Bideojokoa hiru ediziorekin estreinatuko da. Standard Editiona 69,99 eurotara estreinatuko da; 20 hegazkin eta hobetutako 30 aireportu eskainiko ditu. Gainera, hori izango da Windows Storeaz gain Xbox Game Pass bidez estreinatuko den bertsioa.

Deluxe Editionak aipatutako edukiei bost abioi eta bost kokaleku hobetu gehituko dizkio. 89,99 eurotara kaleratuko du Microsoftek. Azkenik, Premium Deluxe Editiona dugu 119,99 eurotara: berriz ere aurreko guztiari bost hegazkin eta bost aireportu gehiago gaineratuko dizkio.

Edizio desberdinei buruzko informazio guztia argitaratu dute arduradunek Xbox Wire blogaren bitartez. Uztailaren 30ean beta itxia ahalbideratuko dute dagoeneko alpha bertsioetara jokatu edota gonbidapenak jasotzen dituztenentzat.

PCko bertsioarekin batera Xboxerako jokoa ere garatzen ari zen Microsoft. Orain gutxira arte horrela iragartzen zuten, baina orain Flight Simulatorren webgunetik desagertu egin da kontsolako bertsioa. Ikusteko dago ea zer gertatu den horrekin.

Microsoft Flight Simulatorrek “munduko aireportu guztiak” batuko ditu, eta guzti horiek bisitatzea posible izango da. Horretarako satelite bidezko argazkiez baliatu dira garatzaileak; horien artetik 37.000 aireportu eskuz sortu dituzte. Gainera, aireportu hobetuak diseinatzeko horietara bertaratu dira, eraikinak eta inguruko guneak xehetasun osoz islatzeko.