Herrialde horiei hiru dimentsiotako fotogrametria gehitzen dien eguneraketa argitaratu dute. Xboxeko bertsioa PEGI zerrendatan agertu da.
World Update eguneraketekin Microsoft Flight Simulatorren bisitatu daitezkeen herrialde eta kokalekuen kalitate maila hobetzeko asmoa agertu zuten Asobo Studioko garatzaileek pasa den urtean. Japonia, Amerikako Estatu Batuak, Erresuma Batua eta Irlandako lurraldeak eguneratu ondoren, laugarren World Updateak Frantziaren, Belgikaren, Herbehereen eta Luxenburgoren itxura hobetu du.
Amsterdami eta Parisi hiru dimentsiotako fotogrametria gaineratu diete dagoeneko eskuratu daitekeen adabakiarekin. Horrez gain Megèveko, Nizako eta Rotterdameko aireportuak xehetasun guztiz modelatu dituzte; aipatutako herrialdeetako beste 100 aireportuk hobekuntza txikiak jasan dituzte.
Nola ez, hirietan zein beste guneetan zerutik ikus daitezkeen monumentuak estetikoki hobetzeko lana ere gauzatu dute Asobokoek. Nabarmentzekoak dira Eiffel dorreak, Sacré-Coeur basilikak, Garaipen Arkuak, Bruselaseko justizia jauregiak, Kinderdijkeko haizerrotek eta gehiagok jasotako aldaketak.
Laugarren World Update eguneraketa guztiz doakoa da Microsoft Flight Simulatorren jokalarientzat. Momentuz PCrako soilik argitaratua, abiazio simulagailua Xboxerako ere egongo dela ziurtatu du behin baino gehiagotan Microsoftek. Dirudienez hori laister gertatuko da, jokoen adinkako sailkapenaren erakunde europarraren PEGI zerrendetan agertu baita Asoboren bideo-jokoa.
Iruzkinak