Min Min izango da Super Smash Bros. Ultimateko borrokalari berria

Lander Unzueta | 2020/06/24 11:00 Berriak



Masahiro Sakuraik ARMSeko pertsonaia aurkeztu du 35 minutu iraun dituen bideo batekin.

Super Smash Bros. Ultimatek bere bigarren Fighter Passeko lehen borrokalaria nor izango den iragarri du. Nintendoren ARMS borroka jokoko Min Min ekainaren 29an gehituko da Ultimaten pertsonaien zerrendara.

Borrokalari berriak hainbat berezitasun izango ditu Smasheko partidetan. Urrunetik egindako erasoak izango dira Min Minen berezitasuna; arerioei jotzeko luzatu egiten diren besoak erabiltzen ditu, eta horien norabidea kontrolatu ahalko da Smashen.

Malgukiz osatutako beso bakoitza agintearen botoi desberdina erabilita mugituko da: A botoiarekin ezkerreko besoa erabilita erasoko da, eta eskuinarekin jotzeko B botoia. Horrez gain, eskuineko besoko arma bereziak aldatu ahalko dira borrokak irauten duen bitartean.

Ohi bezala, borrokalariaren aurkezpena Masahiro Sakurai Super Smash Bros. Ultimaten zuzendariaren eskutik ikusi ahal izan da. Bertan Min Minen ezaugarri eta xehetasun guztiak azaldu ditu garatzaileak. ARMSeko borrokalarien artetik Min Min hautatzearen arrazoia ere azaldu du: ARMSen ekoizlearen eskaria izan zen.

Borrokalariak bere kokaleku propioa edukiko du. Spring Stadium tamaina ertaineko borrokalekua da. Bi aldeetan jauzi handiagoak egiteko malgukiak ditu; horiek erabilita arerioak zauritu ahalko dira. Gainera, objektuak ARMSeko dronek eramango dituzte borrokalekura. Objektuak erabiltzeko horiei jotzea beharrezkoa izango da.

Nola ez, DLCak soinu banda berria ere ekarriko du. Guztira ARMSeko 18 abesti gehituko ditu Ultimatera.

Berritasun gehiago

Datorren astean borrokalari berria gehitzearekin batera beste hainbat eduki ere estreinatuko dituzte Smashen. Mii borrokalariek bost jantzi berri erabili ahalko dituzte: ARMSeko Ninjara, Splatooneko Marie eta Callie, Tekkeneko Heihachi eta azkenik, Fallouteko Vault Boy dira Miiek erabiliko dituzten jantziak.

Dagoeneko lortutako izpirituen aurkako borrokak egitea posible izango da eguneraketa berriarekin. Modu horretara horien aurkako puntuazio gorenak lortu ahalko dira.

Amiiboak ere aipatu ditu Sakuraik. Persona 5eko Joker eta Dragon Quest XI-ko Heroia izango dira Nintendoren figuren bilduma osatzeko hurrengo amiiboak. 2020ko udazkenean kaleratuko direla agindu du zuzendariak.

Game Erauntsia facebook


Iruzkinak

Mesedez, sartu iruzkina utzi ahal izateko.

181
Kide

3
Jolasten

44
Online

Azken erantzunak

Iker Ibarguren May 22, 2020, 2:16 p.m.

Puuuuuuufffffa! zenbat gozatu (eta sufritu!!) nuen joko honekin.... Artikulu bikaina Lander!!
Lordraneko erreinutik galduta - Dark Souls gogora…

Lander Unzueta April 25, 2020, 2:21 p.m.

Ez dute preziorik aipatu, beraz ez dut uste doakoa izango denik jatorrizko jokoa free to play bezala kaleratu zuten arren...
Trackmania berria uztailaren 1ean argitaratuko du…

Erredakzioa April 4, 2020, 8:33 p.m.

Kaixo, zaila da plataforma guztientzat zerbait egitea. Txapelketa hau egiteko play station proposatu genuen, ustez FIFA20 salmenta gehiena plataforma…
Game Erauntsiak eta Gu ere Baik FIFA20 Euskal Lig…