Game Boy Color-eko joko klasikoen estetika gogora ekartzen du proiektuak. Yacht Club Games-ek 24 ordu baino gutxiago behar izan ditu finkatutako zenbatekora iristeko.

Bideo-joko berriarekin agertu dira Yacht Club Gameseko indie garatzaileak: Twitch-en ezustekoz betetako ordubeteko zuzenekoa egin ondoren, Mina the Hollower retro abentura aurkeztu dute. Iragarpenarekin batera hori finantzatzeko Kickstarter kanpaina martxan jarri dute.

Shovel Knighten proiektua abiarazterakoan ezinbestekoa zen finantzazioa lortzea joko arrakastatsua garatu ahal izateko. Minarekin ez da gauza bera gertatzen, arduradunek argi utzi duten modura: “gure Kickstarer originalarekin alderatuta, ez gaude estualdi larrian! Mina the Hollowerren garapenaren finantzaketa nagusia estudioaren aldetik dator“, adierazi dute kanpainaren orrialdean.

Hala ere, aurreko jokoarekin —eta horren ondoren etorri ziren spin-off eta lotutako proiektuekin— bezala, “komunitatearekin batera zerbait berezia sortzeko” asmoa dute. Zaleen erantzuna argia izan da, eta albistea idazteko unean 284.984 euro bildu dituzte; hasiera batean jarritako helburua 276.282 eurotakoa zen, eta oraindik 29 egun dituzte aurretik kanpaina ixteko.

Mina the Hollowerrekin plataformak alboratu, eta Game Boyko The Legend of Zelda abenturak gogora ekartzen dituen lana sortzen ari dira; aldi berean, Castlevania sagan oinarritutako girotzea aipatzen dute Yatchekoek. Ikuspegi zenitalarekin, Mina protagonista kontrolatuko dute jokalariek madarikatutako irla bat salbatzeko helburuarekin.

Etsaiak akatzen, sekretuak aurkitzen, eta batez ere, lurrazpian aztarrika eginez ibiliko da Mina; izan ere, bere abilezia nagusietako bat izango da horixe bera: borroketarako zein esploraziorako balioko dion ezaugarria da.

Atal estetiko aldetik 8 bit-eko pixelak dira nagusi, baina hala ere animazio bizi eta dinamikoak agintzen dituzte arduradunek. Bideoak ikusita, ez dago zalantzarik: xehetasunez betetako joko koloretsua prestatzen dabiltza.

Elkar konektatutako mundu erraldoia eta iluna nabarmentzen dute jokoaren deskribapenean. Armategi zabala eta abilezia mordoa eskuratuko ditu gainera protagonistak.

Finantzaketa kanpaina hasi baino ez dutenez egin, Mina the Hollowerrek ez dauka argitaratze datarik ez behin betiko plataforma zerrendarik. Horren inguruan hitz egiten dute, baina, Kickstarter webgunean: 2023ko abendurako prest edukitzeko asmoa aipatzen dute; dena den, ziurrenik hau informazioa betetzeko eguna baino ez da izango, eta lortzen duten zenbatekoaren eta hartzen dituzten erronken arabera argitaratuko dute jokoa.

Horrez gain, PC-rako kaleratuko dutela baieztatu dute —dagoeneko orrialde propioa dauka Steam-en—, baina kontsolak ere aipatzen dituzte: PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series, Xbox One eta Switch ikus daitezke kanpainan, baina behin betiko plataformak baieztatzeke daudela azpimarratzen dute.