Mindustry Linux, Mac, Windows eta Android plataformatan dabilen jolas libre bat da, eta orain euskaraz dago.

Dorre-defentsa motako jolas bat da, non aldiro gatozkigun etsai boladetatik babestu beharko garen, baina tutoriala hasi eta berehala apartekoa dela ikusiko dugu, hemen baliabideak ustiatzea eta garraiatzea oso garrantzitsua da, horiek erabiliko ditugulako gure armada ekoizteko.

Teknologia berriak ikertu ahala faktorien diseinu gero eta konplexuagoak egin beharko ditugu, baliabide desberdinen sarrera eta irteerak ondo planifikatu, energia sortu, hau ere banatu... buruari eragin.

Factorio ezagutzen duenak antzekotasun bat aurkituko du, hori bai, Mindustry askoz kasualagoa da eta ez zaio oporraldi oso bat erreserbatu behar partida bakoitzari.

Jokalari bakarreko moduaren inteligentzia artifiziala ez da bereziki maltzurra gurekin, jokalariek laster aurkituko dute epe luzera ondo dabilkien babeserako estrategiaren bat, ondorioz sormen atala bihurtzen da jolasaren erakargarri nagusia.


Konbatean erroka zailago bat nahi dutenentzako hainbat jokalarientzako partidak sortzeko aukera eskaintzen du Mindustry-k. Errazena sare lokalean jolastea da, adibidez denak wifi berera konektatuta. Internet bidez jolastu nahi izatekotan partida partekatzen duen jokalariak ataka ikusgai jarri beharko luke ez baitago oraindik zerbitzari zentralik, eta hau apur bat zailagoa da.

Badu ere jolastoki modu bat etsaien enbarazurik gabe teknologiak eta faktorien diseinuak lasai ikertzeko, eta editore potente bat guk geuk eszenatokiak sortu ahal izateko.

Garapenean jarraitzen duen jolas bat da, etengabe hobetzen doana, “Honi buruz” atalean kontaktuan jartzeko aukera guztiak aurkituko ditugu, baita etorkizunerako dauden planak.

Deskargatzeko

Linux, Mac eta Windows:
https://anuke.itch.io/mindustry

Android:
https://f-droid.org/packages/io.anuke.mindustry/
https://play.google.com/store/apps/details?id=io.anuke.mindustry

Euskaraz jartzeko
Ezarpenak > Hizkuntza > Euskara


Euskarazko itzulpenean parte hartzeko

Inork itzulpenean parte hartu nahiko balu, hau GitHub zerbitzarian dago:
https://github.com/Anuken/Mindustry


Itzulpenari buruzko iruzkinen bat egiteko Librezale taldearen Matrix gela egokia da:
https://riot.im/app/#/room/#librezale:librezale.eus