Gaur arratsaldean Minecraft Build Battle minijoko txapelketa guzatu du Game Erauntsiak Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiarekin elkarlanean.

Parte-hartzaileak Game Erauntsiko Minecraft euskal zerbitzarian elkartu dira eta antolatzaileek proposatutako gaiak jarraituz beraien egiturak gauzatu dituzte. Aukeratutako gaiak honakoak izan dira: Covid-19, kontsolak vs. ordenagailuak eta pixelart. Hiru kategorietan maila altuko diseinuak aurkeztu dituzte bideo-jokalariek.

Ekitaldia zuzenean jarraitu ahal izan da Tabakalera etxean plataformatik eta Game Erauntsiko Gari_Infernu-k egin du esatari lana. Hasierako arazo teknikoak atzean utzi ondoren, azkar hasi dira bideo-jokalariak beraien eraikuntzak aurrera eramaten.

Txapelketa zuzenean ez bazenuen ikusi, Tabakalerak jadanik eskuragarri jarri du.

Diseinu anitz

Lehiaketa covid-19aren inguruko egiturekin hasi da. Gaiaren protagonista birusa bera izan da hiru diseinutan agertu delarik. Hiru eta bi dimentsioetako birusa ikusi dugu, hala nola, kutxa moduko birusa ere. Laugarren diseinua desberdina izan da, maskarilla zuri eta beltz handi bat aurkeztu dutelarik. Vinny_01 izan da kategoria honetan irabazlea, 3D birusarekin.

Ondoren gai konplexu bat planteatu da, gamer munduan etengabeko eztabaida dena: kontsolak vs. ordenagailuak. Bideo-jokalari bakoitzak bere apostua egin du, ordenagailu bat, Nintendo Switch bat, Arcade errekreatiba bat eta Game Boy bat hain zuzen ere. Berriro ere Vinny_01 gailendu da PCaren diseinuarekin.

Hirugarren eta azken gaia askoz ere irekiagoa izan da eta pixelart bat egiteko eskatu zaie parte-hartzaileei. Katutxo bat, Charmander bat eta UI lelopean pertsona ilegorri bat ikusi ditugu. Bestalde, eskultura moduan ikurriña eta lauburu bat ere aurkeztu dira. Berdinketa egon da kategoria honetan.

Horrela bada, Vinny_01 izan da irabazlea. Bigarren postua ImLink-entzat izan da eta hirugarrena Row3naRavenclaw-entzako.

Vinny_01-ek, hala nola hurrengo asteko OITC txapelketako irabazleak STEAMeko bideo-joko kode bat eta Game Erauntsiko kamiseta bat irabazi du.

OITC txapelketa

Build Battle ondoren OITC txapelketa ospatuko dugu ekainak 19an eta berriro ere Tabakalera Etxean plataforman zuzenean izango da. Minijoko honen oinarria jokalariaren biziraupena da. Denbora zehatz batean garaipen gehien egiten dituen jokalaria izango da irabazlea. Jadanik zortzi jokalarik izena eman dute eta izen-ematea ekainak 17rarte irekita egongo da.

Txapelketa euskaraz gauzatuko da eta online jarraitu ahal izango da Tabakalera etxean kanaletik arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Izen-emateak Game Erauntsiaren webgunean egingo dira eta parte-hartzaile guztiak gamerauntsia.eus/minecraft atalean erregistratu behar dira.

Parte-hartzaile kopuruaren arabera norgehiagoken egitura zehaztuko da. Bi minijokoetan bakarkako modalitatean jolastuko da. Gehienez 50 izen-emate onartuko dira minijoko bakoitzean. Txapelketan izena ematea txapelketaren oinarriak onartzea dakar.