Askotariko spin-offekin frogak egiten hasi ondoren, Minecrafti dungeon crawlerren generoa zapaltzeko unea heldu zaio. Dungeons ziega gutxirekin, baina publiko zabal bati zuzendutako abentura eskaintzeko gogoz etorri da.
2009. urtean Mojangek Minecraft kaleratu zuenean, muga guztiak gainditu zituen sorkuntza eta biziraute joko berritzaileen aroa hasi zuen. Ordutik hona jatorrizko bideojokoa handitzen joan bada ere, Minecraft beste genero batzuetan murgildu da. Hor ditugu Telltalek garatutako Minecraft: Story Mode abentura grafikoa eta Minecraft Earth errealitate areagotuko jokoa.
Bide hori hasita, orain bi urte beste genero berri bat hartuko zuen Minecraft lan berri bat sortuko zutela iragarri zuten Mojangekoek. The Legend of Zeldaren abenturak oinarritzat hartuta hasi zuten proiektua. Jokalari bakarrarentzako abentura garatzen ari zirela, sortzen ari ziren jokora lagunekin jokatzea are dibertigarriagoa zela ohartu ziren; Zeldarengandik urrundu, eta Diablo bezalako ikuspegi isometrikoduna erabiltzen duten dungeon crawlerrei begira hasi ziren Mojangeko kideak.
Genero berria, baina oinarrietatik urrundu gabe
Horrela jaio zen Minecraft Dungeons. Jokatzerako orduan jatorrizko jokoaren antz gutxi badu ere, biak RPGen oinarritik jaiotakoak direla esan daiteke; diruditena baino hurbilago daude. Dungeonsen, generoko beste lanetan gertatu bezala, gure protagonista indartzeko armak eta tresnak misioak gaindituz edo esploratuz lortuko ditugu. Horien erabilpena aginte motaren arabera aldatu egingo da.
Kontsolako agintea eskuetan hartuta arma nagusiak eta arkuak botoi bana edukiko dute. Aurkitzen ditugun tresnak inbentarioko hiru lekutan kokatu ahalko ditugu, bakoitza botoi bateri lotutakoa. Horrez gain saihesteko eta osatzeko edabearen botoiak ere ditugu.
Teklatuarekin eta saguarekin, baina, lehen aipatutako Diablo sagaren antzeko kontrol eskema izango dugu. Saguarekin mugitu eta eraso egingo dugu, eta tresna bereziak tekla desberdinetara lotuko ditugu.
Gure heroiaren helburua kokaleku edo bioma anitzetatik aurrera egin eta helmugara iristea izango da, nahaste askorik gabe. Berbera gertatzen da gidoiarekin: herritarrek behin eta berriz alde batera utzi ondoren, kale gorrian bizi den illager batek Orb of Dominance izeneko artefaktua aurkitzen du. Tresnak botere handiak ematen dizkion arren bere adimena usteldu egiten du, eta mundu osoa konkistatzeari ekiten dio. Heroi talde bat bere aurka errebelatzen da, herritarrak salbatu eta illagerraren erreinaldia bukatzeko asmoarekin.
Misioi bakoitzeko oztopo bakarra arerioen etengabeko hordak izango dira. Horiei aurre egiteko aipatutatu armategi eta tresnen inbentario zabala dugu: ezpatak, borrak, arkuak, baleztak, aztikeriak, animaliak eta erasotzeko beste hainbat modu daude. Objektu bakoitzak bere maila dauka; horrez gain mailaz igotzerakoan lortzen ditugun puntuak erabilita arma bakoitzak dituen ahalmen bereziak desblokeatu ahalko dira. Etsaiak sutan piztea, protagonista eta laguntzaileak sendatzea, arerioak geldoagotzea… ohiko kontuak.
Abentura laburra da Mojangena; ordu gutxi batzuetan jokoa osatzen duten bederatzi kokalekuak gainditu eta gainerako sekretuak aurkituta edukiko ditugu. Hortaz bideojokoaren ardatza heroiaren etengabeko hobekuntza horretan oinarritzen da. Gainditutako mailak behin eta berriz errepikatzen aritzea eskatzen dio jokoak gehiago nahi duen jokalariari; misioak baten bakarrik gaindituz gero hainbat objektu ikusi gabe geratuko gara.
Gero eta zailagoa, gero eta dibertigarriagoa
Hasiera batean Dungeonsek gogaitu egin ninduen: kokalekuak ederrak eta anitzak ziren, baina hutsak. Etsaiak ez ziren arriskutsuak eta erasotzeko botoia zanpatuta edukita erraz batean akatzen nituen: inolako zailtasunik gabe aurrera egitea lortzen nuen eta lortutako ekipamendu hobeak ezer gutxirako balio zidan, aurrekoarekin misioak gainditzea lortzen nuen-eta.
Askotan markatutako bidea utzi eta esploratzeari ekiten nionean zoko ezkutu baino interesik gabekoetara iristen nintzen. Hori ikusita zailtasun maila areagotzea erabaki nuen; une horretan hasi nintzen Minecraften dungeon crawlerraz gozatzen.
Misio bakoitza hasi aurretik gure heroiaren maila eta zailtasun maila bakoitzak suposatuko duen arriskua azaltzen da. Horri jaramonik ez egitea da nire gomendioa. Zailtasun maila pixkat igonda kontuz jokatzen hasi beharko gara, eta horrela partidak askoz ere entretenigarriagoak bihurtzen dira: gure pertsonaiaren build edo arma eta tresnen konbinazioa zaintzen hasi, eta borroketan erabaki azkarrak hartu beharko ditugu. Azkenerako misioak zailtasun handiagoetan errepikatzen bukatuko dugu, eta hori da Mojangek lortu nahi izan duen helburua.
Lehenago esan bezala jokoak lagunekin aritzeko aukera ere eskaintzen du. Gailu berean bi lagunek jokatu ahalko dute; sare bidez lau izango dira partida berean aritu ahalko direnak.
Halere, Dungeonsen mekanikak sinpleak dira; ez da Diablo bezalako arma, eraso eta bizi puntu eta bestelako baliabideen kaosean murgiltzen. Zerbait positibotzat ikusten dut hori: genero berbereko halako jokoak nahi dituenak baditu jada. Mojangek bere frankiziaren zaleak zein jokalari berriak erakarri nahi izan ditu, eta Dungeons hori lortzeko joko aproposa deritzot.
Helburu hori lortzeko atal grafiko bikaina nabarmendu behar da. Ikuspegi isometrikora pasa diren arren Minecraften mundu berdingabea argi eta garbi ezagutu daiteke Dungeonsen. Kokaleku bakoitza bakarra da, xehetasunez betea; izenburua irakurrita ziegatik ziegara ibiliko zarela pentsa zenezake. Ez da horrela. Hainbat urtez jatorrizko jokora aritu diren zaleek izugarri gozatuko dute estetika ezagun hori beste ikuspuntu batekin ikusita.
Ezin da gauza bera esan soinu bandaren aldetik: abesti bat ere ez dut gogoan. Abestiek ez dute biziko ditugun etengabeko borrokak girotzeko balio, eta esplorazioaren atala sustatzeko ere ezer gutxi egiten dute.
Etorkizunean bideojokoa handitzen jarraitzeko asmoa erakutsi dute garatzaileek. Dagoeneko edukiz betetako bi espantsio iragarri dituzte, baita plataformen arteko jokoa ere. Une honetan bideojokoa laburra egin daiteke, baina berriz jokatzeko eskaintzen dituen baliabideak ezagututa ikusteko dago eduki berri horiek bideojokoaren bizitza luzatzerakoan edukiko duten eragina.
Mojangek garatutako dungeon crawlerra generoko zaleentzat oso sinplea egin daiteke. Hala ere aproposa da jokalari berrientzat, edo denbora gutxi duten horientzat. Minecraften magia berezi hori nabaritzen da Dungeonsen; betiko zaleentzat zein zerbait berria frogatu nahi dutenek gozatu ahal duten jokoa da Minecraft Dungeons.
Iruzkinak