Pocketwatch Games ari da Monaco II garatzen: lapurreta perfektuak prestatu beharko ditugu adiskideekin batera.

Monaco: What’s yours is mine bikainak bigarren atala izango du: Monaco II iragarri dute Humble Gamesekoek beren 2022rako bideojokoen aurkezpenean.

2013an argitaratutako titulu independentean lau jokalariz osatutako taldeek lapurretak prestatu eta aurrera eraman behar izaten zituzten. Antzekoa proposatuko du jarraipenak, baina mekanikak zein atal teknikoa goitik behera eraberrituta.

Ikuspegi zenitala mantenduko du bigarren jokoak, baina oraingoan 3D grafikoetara pasako dira Pocketwatch Gameseko garatzaileak. Arduradunek nabarmendu dutenez, lapurren eta adituen zerrenda handitu nahi dute proiektuarekin: prozeduralki sortutako kokalekuetako erronkak gainditu beharko dituzte, hainbat arriskuri aurre eginez.

Hori bai, helburu nagusia adiskideekin batera kooperatiboan aritzeko energia hori mantentzea da. Planak gaizki irtetzen direnean elkarrekin kaosean murgiltzeko zirrara bertan izatea nahi dute, argi izanik lan originalaren xarma alde horretan zegoela.

Andy Schatz diseinatzaile nagusiak lehen irudiak zein musika aurkeztu ditu garatzaileen bideo blog baten bidez; Austin Winstory musikagilea itzuliko da joko berriaren soinu banda sortzeko.

Garapena hasi baino ez dutela egin nabarmentzen du, eta oraindik ezin dute ez argitalpen datarik, ez plataformarik zehaztu; PC-rako egongo dela argi dago, ordea, dagoeneko Steam saltokian orrialde propioa dauka-eta. Hala ere, laster berritasun gehiago eskainiko dituztela diote: momentuz Discord-eko zerbitzarira bideratu dituzte jarraitzaileak.