Gazteen Babes Legean aldaketak onartu ditu Bundestag-ak. Jokoen adinkako sailkapenean eragingo du zuzenean.

Adin txikikoei loot kaxak eta gainerako monetizazio elementuak biltzen dituzten bideo-jokoetara sarbidea ukatzeko erreformak agindu die jokoen banatzaileei Alemaniako Parlamentuak.

Gazteen Babes Legean aldaketak egingo dituzte hori ahalbidetzeko: orain arteko araudia zaharkituta zegoen, eduki digitalik aipatu gabe. Legea oraindik Bundesrat Alemaniako Kontseilu Federalak onartu behar duen arren, udaberrirako abian izatea aurreikusten dute.

Hori horrela, monetizazio ezaugarriak erabiltzen dituzten lanak adingabekoei blokeatzea bilatzen du parlamentuak. Hori lortzeko bideo-jokoen adinkako sailkapenean aldakuntzak egongo dira. Der Spiegel egunkariak FIFA 21 aipatzen du, esaterako: une honetan hiru urtetik gorakoentzako PEGI sailkapena duen arren, Ultimate Team joko motako loot kaxek 18 urtetik gorakoentzako izatea eskatuko zuten. Hori ez aldatzeak isuna suposatuko lioke Electronic Artsi.

Alemaniak hartutako erabakiak beste hainbat herrialdek hartzen hasitakoei bidea zabalduko die. Espainiako Kontsumo-Ministerioak, esate baterako, Jokoaren Legea aldatzea aurreikusten du bertan bideo-jokoetan ikus daitezkeen monetizazio elementuak gehitzeko.