Chameleos, Teostra eta Kushala Daora iritsi dira dohainik Switcheko jokora 2.0 adabakian. Stories 2ren berritasunak ere eskaini dituzte.

Monster Hunter Rise dagoeneko argitaratu da Nintendo Switcherako, baina halere Capcomekoek Digital Event aurkezpenekin jarraitzen dute ezaugarri berriak ezagutzera emateko bide bezala. Azken saioan oraintsu kaleratutako Risen lehen eguneraketa handia aurkeztu, eta jarraian deskargatzeko prest egongo dela iragarri zuten japoniarrek.

“Ver. 2.0” eguneraketak era guztietako edukiak gaineratu dizkio munstroak ehizatzeko abenturari. Berritasun esanguratsuenak hiru munstrorekin datoz: Chameleos, Teostra eta Kushala Daora jaso ditu Switcheko jokoak. Horrez gain Risen aurretik ikusitako hainbat munstrok Apex formak dituzte orain: Apex Diablos eta Apex Rathalos are zailagoak izango dira ehizatzeko. Orain arteko Apex munstroak Rampage misioetatik kanpo ehizatu ahalko dira gainera.

Misio berriak ere ikusiko dituzte jokalariek, eta pertsonaiek erabiltzeko arma zein armadurak gehitu dituzte adabakiarekin. Pertsonaiaren itxura aldatzeko kupoiak ere iritsi dira: lehen aldiz erabiltzea doakoa izango den arren, bigarrenetik aurrera kupoiengatik ordaindu egin beharko dute jokalariek.

Halere aurretik aipatutako edukiak guztiz doakoak dira; 2.0 eguneraketa dagoeneko deskargatu daiteke Switcherako. Gauza bera gertatuko da maiatzean estreinatzea aurreikusita daukaten 3.0 adabakiarekin: jokoarentzako amaiera berria gehituko du DLC honek, hainbat munstrorekin batera.

Monster Hunter Digital Eventak uztailean kaleratuko duten Monster Hunter Stories 2: Wings of Ruinen trailer berria ikusteko ere balio izan du.

Txandakako RPG abentura izango da hau, jatorrizko jokoen akziotik aldenduta. Borroka horien funtzionamendua azaldu dute aurkezpenean: protagonistek ehizatutako munstroekin batera borrokatuko dute arerioen aurka. Horiei garaitzeko arma eta elementuak kontuan hartu beharko dira, motaren arabera eraso gogorragoak egin ahalko baitira.

Pokemon eta The Legend of Zelda: Breath of the Wild batzen dituela esan daiteke, aldi berean MHren unibertsoan oinarritutako abentura koloretsua izanik.

Monster Hunter Stories 2 uztailaren 9an estreinatuko da: aurkezpenean Switch kontsola soilik aipatu duten arren, PCra ere iritsiko da Capcomen jokoa egun berean Steam bidez.

Apirileko Monster Hunter Digital Event aurkezpena bere osotasunean ikusteko, sakatu hemen.