MH Worlden ostean ordenagailuetara iritsiko den bigarren jokoa da. Martxoaren bukaeran kaleratuko du Capcomek Switcherako bertsioa.

Filtrazioek eta zurrumurruek Capcom Switcherako garatzen ari den Monster Hunter Rise PCrako iritsiko zela aldarrikatzen zuten, eta orain garatzaile japoniarrak ofizialki baieztatu du informazio hori. Zehaztu gabeko data batean baina datorren urte hasieran kaleratuko da munstroen ehiza saga famatuaren lan berria ordenagailuetan.

Berria Ryozo Tsujimoto ekoizleak eman dio IGN aldizkariari. Bertan adierazi duenez, zaleen aldetik “Monster Hunter Rise PCan argitaratzeko hainbat eskakizun” jaso ditu Capcomek, “batez ere mendebaldeko jokalarien aldetik”. Hori horrela, ordenagailuetako bertsioa prestatzen hartzeko erabakia hartu dute arduradunek; etorkizunean xehetasun gehiago emango dituztela agindu du Tsujimotok.

Japoniar girotzea izango duen Rise martxoaren 26an estreinatuko da Nintendoren Switch kontsolan. Jokoa iragarri zutenetik horren ezaugarriak azaltzeko hainbat aurkezpen eta ekimen berezi egin dituzte Capcomekoek: martxoaren 8tik hasita are gehiago egingo dituzte, Monster Hunter Rise zein Monster Hunter Stories 2ri buruzko informazioa emateko.