Espantsioko hiru etsai nagusiak aurkeztu dituzte lehen jostagarritasun bideoan. Urrutiko erreinu batera bidaiatuko dute jokalariek.

Monster Hunter Rise arrakastatsuaren berritasunak ezagutzera emateko zuzeneko berezia egin dute Capcom-ekoek. Sunbreak espantsioaren argitalpen data ezagutzera eman dute azkenik: ekainaren 30ean kaleratuko dute Switchean nahiz PCn.

Argitaratze datarekin batera lehen jostagarritasun bideoa erakutsi dute zuzenekoan, hiru etsai nagusiak izango direnak aurkeztuz: Garangolm, Lunagaron eta Malzeno beldurgarriei aurre egin beharko diegu eduki gehigarrian. Hiru Jaunen titulua jasoko dute.

Ehizatzeko munstro berriak ikusiko ditugu hortaz Sunbreaken. Asthalos eta Bishaten berriak ere agindu dituzte japoniarrek, besteak beste: Master Rank zailtasunarekin gauzak inoiz baino zailagoak izango dira jokalarientzat.

Piztiak, ordea, ez dira izango hedapenean ikusiko ditugun berritasun bakarrak. Esploratzeko kokaleku berria bisitatuko dugu, Kamura herrixka atzean utzita. Hau Erreinua izenarekin ezagutzen da: girotze japoniarra alboratu eta mendebaldean oinarritutako guneak ikusiko ditugu bertan. Trailerrean bizitzaz betetako Elgado portu erraldoia azaltzen da, adibidez.

Eskualde berriaren erdialdean gotorleku beldurgarri bat dagoela azpimarratzen dute garatzaileek. Piztiez defendatzeko erakia, orain munstro beldugarrienen etxean bilakatu da.

Bertan, nola ez, pertsonaia berriak ezagutuko ditugu: Galleus zalduna, Bahari zientzialaria, Minayle errementaria, Oboro merkataria eta Chichae misioen arduraduna aipatzen ditu Capcomek bere prentsa oharrean. Misioak, abileziak, armak, armadurak eta tresnak eskainiko dizkigute: Wirebug-arentzako berezitasunak nabarmentzen dituzte gehituko dituzten ezaugarrien artean.

Jatorrizko jokoarentzako doako eguneraketa iragarri dute gainera. 13GB-eko pisuarekin, arma eta armadura berri mordoa gaineratuko dizkio bideojokoari, baita hobekuntzak eta aldaketak ere.

Monster Hunter Rise 2021eko martxoan estreinatu zen Switch kontsola hibridoan; ondoren, PCra iritsi zen Steam bidez urte honetako urtarrilean. Monster Hunter Rise: Sunbreak ekainaren 30ean iritsiko da bi plataforma horietara.