Ordainpeko eduki gehigarri handiak zeruko irletara eramango ditu ehiztariak, munstro eta arma berriak bilduta.
Monster Hunter Wilds – Ascendance espantsioa aurkeztu du Capcom japoniarrak. Datorren urtean kaleratuko da PC, PlayStation 5 eta Xbox Series hirukotean.
Lao-Shan Lung dragoi zaharrarekin topo egin ondoren, Wildsen talde protagonista Madoi gotorlekua prestatzen hasten da. Helburua zeharo aldatuko da, baina, Wyveria-ko zeruak argitu, eta Skybound Eyrie izeneko hondakin hegalariak aurkitzerakoan.
MHren aurreko eduki gehigarrietan ibili direnek ondo jakingo duten moduan, esploratzeko guneekin batera munstro, istorio, erronka, arma eta armadura berriak agertuko dira, biltzeko baliabide mordoarekin batera. Araketa, Gundoraja eta bestelako izakiak aipatzen dira prentsa oharrean, baita arma guztientzako abilezia eta eraso berriak gehituko dituen Boost Bracer hobekuntza ere.
Capcometik oraindik erakusteko eduki asko dagoela aurreratu dute: datozen hilabeteetan informazio gehiago eskainiko digute. Espantsioarekin batera Switch 2 kontsolako MH Wilds prestatzen dabiltza, gainera: oraindik kaleratze datarik gabe jarraitzen du. 2025eko otsailean estreinatu ziren aurreko bertsioak, jokalarien gehiengoa hotz utzita: errendimendu arazoek eta mekanika orokorrek horren esperotako bideojokoa zikindu zuten.
Monster Hunter Wilds – Ascendance 2027an plazaratuko da PC, PS5 eta Xbox Series plataformetan.
Lander Unzueta
Iruzkinak