Monster Hunter Rise datorren urteko martxoan kaleratuko dute; Monster Hunter Stories 2 Wings of Ruin udan iritsiko da Nintendoren kontsolara.

Capcomek azken Nintendo Direct Miniari hasiera emateko ohorea izan du. Ez da harritzekoa, bi iragarpen handi egin baititu: Monster Hunter sagako bi joko prestatzen ari dira Nintendoren kontsola hibridorako.

Aurkezpena bi trailer laburrekin egin badute ere, Direct Minia bukatuta xehetasun gehiago emateko Monster Hunter Direct bati ekin diote.

Monster Hunter Rise martxoan 26an estreinatuko da. Sagaren ohiko jostagarritasuna edukiko du, japoniar girotzearekin. Trailerrean Aknosom, Tetranadon, Great izuchi eta Magnamalo bezalako munstroak erakutsi dituzte.

Yasunori Ichinose izango da Risen zuzendaria; Monster Hunter Worlden ere kargu berbera eduki zuen. Tresna eta laguntzaile berriak egongo dira.

Collector’s Edition berezia ere iragarri dute Capcomekoek. Magnamaloren amiiboa, armadura eta erropak bilduko dituen DLCa, pin bat eta stickerrak egongo dira bertan, jokoarekin batera.

Monster Hunter Stories 2 Wings of Ruin 2017an 3DSrako argitaratutako spin-offaren jarraipena izango da. Datorren urteko udan iritsiko da kontsolara, zehaztu gabeko egun batean.

Cel Shading erako grafikoekin egindako JRPG erako jokoa izango da Stories 2. Capcomek ez du xehetasun askorik eman, baina trailerrean Rathalos piztiek edukiko duten garrantzia ikus daiteke.

Japoniarrek adierazi dutenez irailaren 25ean informazio gehiago eskainiko dute. Izan ere Tokyo Game Showean egongo dira Monster Hunterri buruz hitz egiteko.