Frankiziako izen ezagunak nahiz berriak ezagutzera eman dituzte NetherRealm-koek. Irailaren 19an estreinatuko dute borroka jokoa.

NetherRealm Studios garatzaileak hurrengo Mortal Kombaten erabili ahalko diren zenbait pertsonaia aditzera eman ditu. Nabarmentzekoak dira Kombat Pack ordainpeko eduki gehigarriarekin iritsiko diren gonbidatu bereziak: The Boys eta Invincible telesailetako zein Suicide Squad filmeko Homelander, Omni-Man eta Peacemaker MK1eko borroka odoltsuetan barneratuko dira.

San Diegoko Comic-Con jaialdi ezaguna aitzakia hartu dute iragarenak egiteko. Aurretik filtratutako zerrenda zen, baina jokalariak ikaragarri poztu dituen berria da. Ez aipatutakoengatik bakarrik: komikietako superbilauekin batera Mortal Kombaten jarraitzaileek ondo baino hobeto ezagutzen dituzten Quan Chi, Ermac eta Takeda iritsiko dira.

Arduradunek ez dute zehaztu noiz iritsiko diren bideojokora: dakigun bakarra Homelander 2024ko udaberritik aurrera kontrolatuko dugula da.

Ez da Comic-Conean emandako berri bakarra. Kombat Packarekin batera istorioan ardaztutako trailerra argitaratu dute, gidoiari buruzko berritasunetan sakonduz zein oinarrizko bideojokoan egongo diren borrokalari berriak ezagutzera emanez.

Baraka, Li Mei eta Tanya klasikoak itxura —eta testuinguru— eraberrituekin itzuliko dira Mortal Kombaten berrabiarazitako unibertsora. Aipatutakoen mugimenduak ikusi ditugu bideoan: Barakak, esaterako, konbo sorta ederra irabaziko duela dirudi.

Borrokalariei laguntzera datozen Kameo pertsonaia gehiago ere ageri dira trailerrean: Tremor, Johnny Cage, Khameleon, Mavado edo Ferra ikusi ditugu diseinu zaharberrituekin nahiz mitikoekin. Hauei borrokan deitzeko aukera izango dugu gure konboak luzatzeko edo aurkarien erasoak geldiarazteko.

Mortal Kombat 1en borrokalarien zerrendak handitzen jarraitzen du, hortaz. Aurretik Liu Kang, Scorpion, Sub-Zero, Kitana, Mileena, Johnny Cage, Sonia Blade, Kenshi, Raiden zein Smoke aurkeztu dituzte, besteak beste, baita Kameo laguntzaile gehiago ere.

Irailaren 19tik aurrera jokatuko dugu hauekin eta hauen aurka Mortal Kombat 1 berrian. PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan kaleratuko du Warner Bros. Games argitaletxeak.