Liu Kang jainkoak sortutako munduak “borroka sistemak, modalitateak, eraso hiltzaileak eta bestelako berritasunak” ekarriko ditu irailaren 19an.

NetherRealm Studios-ek eta Warner Bros Games-ek Mortal Kombat frankiziako atal berria iragarri dute. Unibertso berriari hasiera emanda, MK1 tituluarekin aurkeztu da borroka jokoa.

Berrabiaratzea eta jarraipena izango da aldi berean: MK11-n ikusitako amaiera jarraituko du, Liu Kang suaren jainkoak sortutako munduan girotuz. Hori horrela, pertsonaia ezagunen bertsio eraberrituak zein borrokalari ezezagunak ezagutuko ditugu oraingoan.

Aurkezpena trailer zinematiko ikusgarriarekin egin dute. Bertan aipatutako Liu Kang, Sub-Zero eta Scorpion ninjak, Kitana, Kung Lao edo Mileena azaltzen dira; prentsa oharrean, baina, Raiden eta Johnny Cage ere aipatzen dituzte, besteak beste. Azal edo skin batzuk ere ezagutu ditugu testuan: adibidez, Cageri Jean-Claude Van Damme aktorearen itxura jartzeko aukera edukiko dugu. Shang Tsung zitala bueltan da baita: erreserbatzen dutenek eduki gehigarritzat jasoko dute.

Atal honetan “borroka sistemak, modalitateak, eraso hiltzaileak eta bestelako berritasunak” ikusiko ditugula azpimarratu dute arduradunek.

Ezaugarri esanguratsuena Kameo Fighters deitutakoarena izango da ziurrenik: gure borrokalariari lagunduko dioten asistentzia pertsonaiak izango dira. Suposatzekoa da beste hainbat borroka jokotan bezala, konboak luzatzeko eta antzeko laguntzak eskaintzeko aukera emango digutela.

Modalitateei dagokienez, jokalari bakarrarentzako kanpaina itzuliko da, nola ez. “Lehia klasikoak eta ezustekoak” biltzen dituen zinematikaz betetako istorio modua izango da.

Bestelako aukerak zehaztu gabe utzi dituzten arren, funtzionaltasun bat baieztatu dute: online partidetan rollback netcode sistema erabiliko dute bizkortasuna nahiz egonkortasuna bermatzeko. Ez da harritzeko erabakia, MKX-k zein MK11k eduki baitzuten.

Plataformak izan dira prentsa oharrean zehaztutako beste gaietako bat. PlayStation 5, Xbox Series, PC eta Switch gailuetan ikusiko dugu MK1.

NetherRealm ari da PS5eko eta Xbox Serieseko bertsioak osorik prestatzen; QLOC enpresak, berriz Steam zein Epic Games Store saltokietan estreinatuko den PCko bertsioa bukatuko du; azkenik, Shiver Entertainment eta Saber Interactive dabiltza Switcheko port-az arduratzen.

Bukatzeko, argitaratze data ezagutu dugu: Mortal Kombat 1 irailaren 19an kaleratuko da aipatutako plataformetan. Jokoa erreserbatzen dutenek, gainera, abuztuan abiatuko den beta itxian parte hartzeko aukera izango dute.