Eraberritutako unibertsoko Smoke eta Rain erakutsi dituzte lehen aldiz NetherRealm estudiokoek, Cyrax, Sektor eta Frost kameo-ekin batera.

Mortal Kombat 1 ikusgarriak borrokalariak baieztatzen jarraitzen du. Azken trailerrarekin NetherRealm taldekoek Lin Kuei ninjen klaneko pertsonaia berriak aurkeztu dituzte, aldi berean jokalari bakarrarentzako kanpainan jazoko direnen xehetasun gehiago eskainita.

Smoke eta Rain ezagunak gehituko dira kontrola daitezkeen borrokalarien zerrendara. Lehenengoak, beti bezala, kea erabiliko du mugimendu bortitzak egiteko; bere arma sekretua, baina, teleportatze azkarrak eta nahasteak izango dira.

Rainek, bestalde, azti itxura hartu du diseinu aldaketarekin: uraren maisua izango da berriz, makilarekin gidatuz eraso ikaragarriak jaurtitzeko.

Borrokalariez gain, hauei laguntzen ariko diren kameo pertsonaiak ere erakutsi dituzte azken trailerrean: Cyrax eta Sektor zibernetikoak nahiz Frost izoztua bueltan izango dira, oraingoan konboak luzatzeko eta erasoengandik babesteko tresna gisa.

Scorpion eta Sub-Zero mitikoen mugimendu gehiago ere ikus ditzakegu; gainera, lehenengoaren kameo itxura ere azaldu da, aurreko ataletako diseinuarekin zein erasoekin.

Aipatutakoak Johnny Cage, Kenshi, Kitana, Mileena, Raiden eta beste hainbatekin batera itzuliko dira. Berezko mugimenduekin eta fatality-ekin, orain arteko MKrik handiena eratuko dutela dirudi.

Mortal Kombat 1en berrabiarazitako unibertsoa ikusiko dugu —berriz— Liu Kang su jainkoak denboran atzera egin ostean. Hori horrela, istorio alternatiboa biziko dute protagonistek: kanpaina kalitate handiko zinematikaz beteta egongo da beste behin.

Irailaren 19an abiatuko dira MK1en borrokak PC, PlayStation 5 eta Xbox Series plataformetan.