Johnny Cage, Scorpion, Kitana, Sony Blade, Liu Kang, Raiden eta gainerako borrokalariak gure hizkuntzan entzungo ditugu Hego Euskal Herriko zinemetan.
Mortal Kombat borroka bideojokoetan oinarritutako MK II filma euskaraz ikusi ahalko da. Gaur bertan estreinatuko da filma, eta zenbait zinemetan euskal bikoizketarekin gozatu ahalko dela aurreratu du Zineuskadik.
Albistea Pantailak Euskaraz eta Zer Non Ikusi plataformen eskutik iritsi zaigu. Zinemen eta ordutegien zerrenda ZNIren webgunean aurki daiteke: saio gutxi batzuk baino ez dira eskainiko, eta Hego Euskal Herriko areto batzuetara mugatuta egongo dira. Halere, PEtik zein ZNItik bikoizketa ospatu dute, azken 45 urteetan euskaraz bikoiztuta zinemetan estreinatzen den lehen helduentzako filma dela aldarrikatuta.
Lurreko erresumako borrokalariek Shao Khan maltzurrari aurre egin beharko diote, zelan ez, Mortal Kombat txapelketa latzean. Borroka ikusgarriak, bideojokoei keinuak, eta, noski, fatality exekuzio odoltsuak ageriko dira. Protagonistei dagokienez, Mortal Kombaten zerrenda benetan luzea izan ohi bada ere, ohiko izenik ezagunenak aipatzen dira: Scorpion, Kitana, Sony Blade, Liu Kang, Raiden, Noob Saibot, Quan Chi, Shang Tsung edo Baraka irakur daitezke.
Aurreko filman asmatutako Cole Young zen protagonista nagusia, baina oraingoan erroetara itzuliko gara: Karl Urban aktore ezagunak Johnny Cage mitikoaren rola jokatuko du MK IIn.
Lander Unzueta
Iruzkinak