PCan estreinatutako obra arrakastatsuak espazioan girotutako lehen pertsonako abentura narratibo motz bezain gogorra aurkezten du.

Mouthwashing kontsoletara helduko dela baieztatu du Critical Reflex argitaletxeak. Urriaren 29an PlayStation 5, PlayStation 4, Switch zein Xbox Series kontsoletan jokatu ahalko da; gainera, Xbox Game Pass harpidetzara ere gehituko du Microsoft-ek.

Beldurrezko abentura 2024ko irailean ordenagailuetan kaleratu zuen Wrong Organ estudioak. Ikaragarrizko balorazioak eskuratuta, azken urteotako istoriorik sarituenetakoa da Mouthwashing, premisa sinplea eta latza aurkeztuta.

Tulpar espazio ontziko tripulazioaren patua jarraitzen du bideojokoak. Istripu baten ondoren espazioan galduta, erreskatearen zain dauden bost kide ezagutuko ditugu: jokoak hauen arteko harremanean sakontzen du, narratiba ardatz izanik. Probatu duten guztiek gauza bera diote: ez irakurri gehiago, eta murgildu jokoan ezer jakin gabe.

Sari mordoa eramatea lortuta, beldurrezko istorioen zaleek bai ala bai probatu beharreko abentura da Mouthwashing. Esan bezala, urriaren 29tik aurrera, data ezin aproposagoan, kontsoletan gozatu ahalko dugu.