Hotline Miami lehen pertsonarekin eta anime girotzearekin elkartzen ditu. Balorazio bikainak lortu ditu hiru garatzailez osatutako HAMMER95 taldeak.

PCko jokalariek ‘boomer shooter’ edo retro jokozaleei zuzendutako tiro joko berria jaso dute: Mullet MadJack estreinatu da dagoeneko Steam plataforman.

Azken Steam Next Fest jaialdiak jarraitu dituztenek ziurrenik ezagutuko duten bideojokoa da: demoen artean nabarmendu zen tituluetako bat izan zen HAMMER95 estudioarena.

Lehen pertsonako tiro jokoak roguelike mekanikak eta anime estetika uztartzen ditu arkade jokagarritasunarekin. Etorkizun retrofuturistan zuzeneko emanaldiek bestelako kutsua daukate… Biolentzia da nagusi, eta 10 segundoero dopamina behar duen Jack zoroan bilakatuko gara. “Zure bizitza denbora da”, diote deskribapenean.

Nola lortuko dugu? Zuzenean eskainiko ditugun hilketekin. Bizkor eta gupidarik gabe ibili beharko gara bizirik jarraitzeko. Horrela, ziztu bizian ibili beharko gara gure arerioak ahalik eta modurik ikusgarrienean akatzen. Exekuzioak, inguruneko elementuak erabilita lortutako hilketak… denetarik eskainiko diegu gure ikusleei.

Robot hiltzailez betetako dorrean gora egin beharko dugu: solairu bakoitzak maila desberdinak eratuko ditu —prozeduralki nahiz ausaz eratutakoak—, eta, hauek gainditzerakoan, gure pertsonaiarentzako hobekuntzak zein abileziak desblokeatuko ditugu. 50 bat ahalmen aipatzen dituzte egileek.

Kazetarien zein jokalarien lehen balorazioak benetan onak dira: une honetan 466tik 462 iritzi positibo biltzen ditu Steamen. Horrek ez bagaitu erostera animatzen, oraindik doako proban aritzeko aukera daukagu, gainera.