Doan jokatu ahalko dela baieztatu dute Player First Games estudioko arduradunek. 2022an estreinatuko da PlayStation zein Xbox kontsoletan eta PC-an.

Warner Bros. Games-ek MultiVersus aurkeztu du: Super Smash Bros-en klon honek ez ditu Nintendo-ren pertsonaiak batuko, baina beste hainbat aurpegi ezagun egongo dira bertan. Superman, Batman, Tom eta Jerry, Bugs Bunny, Steven Universe eta askoz gehiago bilduko ditu borroka jokoak.

Bideo-jokoa aurkezteko eta bere mekanikak ezagutzera emateko bideo sakona prestatu dute proiektua garatzeko ardura hartu duten Player First Games estudioko kideek. “Borroka kooperatibo mekanika sakonak” bilduko dituztela diote; bi jokalarik osatutako bikoteak izango dira ohikoenak, baina Nintendoren jokoaren antzera banakako borrokak zein lau pertsonairen artekoak egongo dira.

Marrazki bizidunen estetika mantenduta, liburuetako, filmeetako, komikietako edota telesailetako Warnerren pertsonaiak egongo dira: aurretik aipatutakoez gain Finn eta Jake, Arya Stark, Shaggy edota Harley Quinn egongo dira, besteak beste. Filtrazio batean Gandalf zein Rick and Morty telesaileko zientzialaria azaltzen ziren, beraz etorkizunean are borrokalari gehiago iragarriko dituztela ziurtatu daiteke. Bakoitzak mugimendu eta abilezia propioak edukiko ditu, noski.

Nola ez, kokalekuak pertsonaienak izango dira: Batmanen kobazuloa edota Finnen eta Jaken zuhaitz etxea ikus daitezke trailerrean, esate baterako.

Bideo-jokoa guztiz doakoa izango dela nabarmendu beharra dago. Horrez gain, plataforma arteko jokoa ahalbidetuko dute garatzaileek, beraz brawler erako borroka jokoen zaleentzat proposamen benetan interesgarria izan daiteke.

Borroka mekanika sakonak prestatzeko eta input lag gabeko partidak ziurtatzeko lanean dabiltzala diote Player First Gamesekoek.

PC, PlayStation 5, PlayStation 4, Xbox Series eta Xbox One plataformetan estreinatuko da MultiVersus 2022an. Beta probatzeko izen ematea abiarazi dute: jokoaren webgunetik sar daiteke.