Maiatzaren 30ean ezabatuko du saltoki digitaletatik. Iaz estreinatu zen 1.0 bertsioa.

Warner Bros Games taldeak Multiversus behin betiko itxiko duela iragarri du prentsa oharraren bitartez. Filmeetako, telesailetako zein komikietako pertsonaiak biltzen dituen borroka jokoa bosgarren denboraldiarekin agurtuko dute.

Doako bideojokoa indar betean abiatu zen 2022. urtean betarekin, baina ostean ez ditu esperotako emaitzak lortu. Are gehiago, jokoa berpizteko asmoarekin alboratu zuten zortzi hilabetez, 2024ko maiatzean behin betiko bertsioa kaleratuz.

Superman, Batman, Finn, Jake, Aria Stark, Shaggy, Rick, Morty, Steven Universe, Tom eta Jerry… pertsonaien zerrenda ezagunak zein zabalak ez die balio izan jokalariak maitemintzeko. Super Smash Bros ezagunaren klona da Multiversus: plataforma borroka jokoa dela esan daiteke, gainerako arerioak borrokalekutik kanpo jaurtitzea proposatuz.

Nahiz eta debalde eskaini, jokoaren erdipurdikako mekanikek eta mikroerosketen formatu oldarkorrak ez dute lagundu jokalariak mantentzerako orduan: iaz argitaratu zenean 114.000 erabiltzaile baino gehiago elkartu zituen, baina aste batzuetara kopurua 6.000 ingurura jaitsi zen. Azken asteotan ez dituzte aldibereko 1.000 jokalariak gainditu.

Maiatzaren 30ean desagertuko da Multiversus PCko, PlayStation-eko zein Xbox-eko saltoki digitaletatik. Hala ere, jaitsita daukatenek jokatzen jarraitu ahalko dute “aurreikus daitekeen etorkizunean”, baina sareko ezaugarri guztiak galduta. Une honetatik aurrera mikroerosketak mugatuko dituzte, jokoaren Gleamium moneta birtuala ezabatuta: erabiltzaile kontuan diru birtuala daukatenek erosketak egiten jarrai dezakete, baina guztia xahutzeko gomendatzen dute egileek.

Bihar hasiko den bosgarren denboraldia izango da azkena: Aquaman eta Lola Bunny pertsonaiak gehitu dituzte, eta hauek jokatuz desblokeatzeko aukera daukate jokalariek.