Wii kontsolan 2009. urtean ikusitako Muramasa: The Demon Blade-n eraberritutako bertsioa da: 2D ARPG borrokak proposatuko ditu datorren urtean.
Vanillaware estudio japoniarrak Muramasa: Revenant Blades birmasterizazioa aurkeztu du. Ordenagailuetan nahiz Switch 2, PlayStation 5 eta Xbox Series kontsoletan estreinatuko da.
Zaharberritutako Muramasa: The Demon Blade maitatua da, beraz, Revenant Blades: arrakasta handiko 2009ko Wii titulua. Muramasa: Rebirth izeneko bertsioarekin estreinatu zuten 2013an PlayStation Vita eramangarrian, Genroku Legends eduki gehigarriarekin zein hobekuntzekin.
Datorren urtean iritsiko den Revenant Bladesek aipatutako DLC guztiak biltzen ditu, 4K bereizmeneko grafikoak eskaintzeko eta joko mota berriak proposatzeko, Nintendo Direct emanaldian zehaztu dutenez.
Erdi Aro japoniarrean kokatutako sei protagonista gidatuko ditugu, bakoitza berezko istorioarekin, akzioz betetako 2D mailetan zehar. ARPG elementuak barneratuta, 100 bat arma biltzen eta indartzen, ahalmenak hobetzen nahiz mugimenduak pertsonalizatzen ariko gara mitologia japoniarreko izakiak eta munstroak garaitzeko.
Atal estetiko ederra aurkezten du, zelan ez, Vanillawaren obra izanik: eskuz marraztutako pertsonaia eta ingurune ikusgarriak inoiz baino hobeto ikusiko dira txukundutako bertsioan.
Ordenagailuko jokalariek kontuan hartzeko datu bat: Vanillawaren bideojoko bat PCan lehen aldiz ikusten dugun aldia izango da. Estudio mitikoa kontsoletara mugatu da azken urte luzeetan, Odin Sphere, 13 Sentinels: Aegis Rim, Unicorn Overlord edo Dragon’s Crown maitatuak kontsola zehatz batzuetan mantenduz. Egia da argitaletxeak XSEED Games eta Marvelous direla, baina, entzunda daukagunagatik, ezezkoa ematen zuena Vanillaware izanik, aipatutakoak ere PCra iristeko aukera ireki da.
2027an iritsiko da Muramasa: Revenant Blades.
Lander Unzueta
Iruzkinak