Muramasa: The Demon Blade maitatua hobetuko duen bertsioa da. Borroka ikusgarriak eta metroidvania elementuak batzen ditu.

Vanillaware garatzaile japoniarrak zein Marvelous argitaletxeak Muramasa: Revenant Bladesen kaleratze data zehaztu dute. Otsailaren 4an jokatu ahalko da PC, Switch 2, PS5 eta Xbox Series gailuetan.

Egunarekin batera, jokoaren oinarriak zein berritasunak aditzera emateko hamar minutuko aurkezpena prestatu dute. Wii kontsolan 2009. urtean argitaratutako Muramasa: The Demon Blade-n birmasterizazioaren aurrean gaude; gainera, PlayStation Vita eramangarriko Muramasa: Rebirth bertsioak ekarritako Genroku Legends eduki gehigarria eta berritasunak ere bilduko ditu Revenant Bladesek. Laburbilduz, 4K bereizmenerainoko grafikoak, DLC guztiak eta joko mota berriak ikusiko ditugu birmasterizazioan.

Sei protagonisten bizipenak jarraituko dituzte jokalariek: Kisuke, Momohime, Bakeneko, Gonbe, Arashimaru eta Rajaki gidatu beharko dira, bakoitzak abilezia eta erronka desberdinak edukita. Konboak, eraso bereziak eta arma aldaketak ardatz dituzten borroka ikusgarriak, eskuz marraztutako grafiko ederrak, Erdi Aro nahiz mitologia japoniarrak zein metroidvania elementuak batzen ditu jokoak: Wiiko klasiko handienetako bat da zale askorentzat, hain zuzen.

Gogoratzearren, gainera, Vanillawarek ordenagailuetan joko bat kaleratzen duen lehen aldia izango da, ate interesgarriak irekita.

Otsailaren 4an merkaturatuko da Muramasa: Revenant Blades.