Ustekabean, bideojokoen munduan profesionalki murgildu zen Naiara Ordorika. Ez zen edozein bidetik sartu, gainera: Nintendo-n lanean hasi zen, titulu ezagunen eta maitatuen itzulpenez arduratzea eskatzen zion profesioarekin. Une honetan bideojokoak profesionalki alboratu baditu ere, ibilbide oparoak istorio eta bitxikeria ugari ekarri dizkio.
Nintendo of Europe-n lan egin duzu hainbat urtez. Zein izan da zure egitekoa?
Nire zereginak aldatzen joan dira bertan emandako hamalau urteen baitan. Hasieran, QA Tester bezala, esleitutako bideojokoetan gaztelaniazko testuak berrikustea zen nire zeregin nagusia. Ortografia, gramatika, testuingurua… eta, noski, testuak pantailan ondo agertzen zirela aztertzen nuen, eta, akatsen bat aurkituz gero, informatu.
Ondoren, koordinatzaile lanak hartzerakoan, QA taldearen kudeaketaz arduratzen nintzen: hardwarea prestatu, proiektuaren gaineko informazioa helarazi, bidalitako akatsen iragazia eta reporta osatu, eta abar. Azken garaian, Software Localisation Producer gisa, proiektuaren kudeaketa orokorra: fase desberdinen epeak antolatu, garatzaileekin koordinatu, atazen jarraipena, sail anitzekin harremana… Ez nintzen aspertzen, kar-kar.
Kalitate ebaluatzailearen lana ezezaguna dela esango zenuke?
Nire ustez, bai. Bertan lanean hasi baino lehen, nik neuk ere ez nuen ezagutzen. Normala denez, ume batek bideojoko bat hartzen duenean, ez dio testuari gehiegi erreparatzen; arlo bisualak, erronka desberdinek, sariek… erakartzen dute gehienbat.
Baina zer gertatuko litzateke testu akatsdun batek jarraibide oker bat eman, eta jokoaren ataza bat egingaitz utziko balu? Izugarrizko frustrazioa. Ez gara ohartzen zer-nolako garrantzia duen lan honek kalitate goreneko bideojokoak argitaratzeko asmoa badago.
Zer behar du pertsona batek halako lana burutzeko?
Testu kalitateaz ari bagara, lehenik eta behin, hizkuntza menperatzea, zuzentasuna bilatzea eta antolatua izatea. Testua jokoaren testuinguruan egoki txertatzen dela ziurtatzeko, halaber, jokoa ere zehaztasunez ezagutu beharra dago. Ez da beharrezkoa jokalari sutsua izatea —debug-aren laguntzaz asko errazten da lana—, baizik eta egitekoaren xedea argi izatea, alegia, testuaren kalitatea bermatzea. Noski, esku artean duzun jokoa gustuko baduzu edota trebea bazara, irabazi bikoitza!
Zer nolako bideojokoetan parte hartu duzu?
Mota askotariko bideojokoetan parte hartu ahal izateko zorte handia izan dut. Esanguratsuenak aipatzearren: rol-jokoetan Pokémon eta Xenoblade Chronicles; simulazioan Animal Crossing; party-gisakoetan Wii Sports Resort eta Mario Kart 8; ekintza-abenturan The Legend of Zelda: Breath of the Wild; edo hirugarren pertsonako tiro-jokoan, Splatoon. Egia esan, modu batean edo bestean, proiektu (edo bideojoko) guztietan izugarri disfrutatu dut, eta batzuk bihotzean daramatzat!
Erredakzioa
Iruzkinak